EH Bilduk salatu du Plentziako Udalak diru publikoa baliatu duela hauteskunde-inkesta bat egiteko

Ander Zarraga 2022ko ots. 9a, 15:57

Plentziako udaletxea, artxiboko irudian.

Plentziako Udalak herritarren iritzia ezagutzeko 66 galderako telefono-inkesta batean boto-asmoaren eta politikarien inguruko iritziari buruzko galderak txertatu dituela salatu du EH Bilduk. Gaineratu duenez, galderak ez dira neutralak izan, eta horien testuingurua eta intentzionalitatea kritikatu dute.

Gizaker enpresak aurreko asteetan egindako inkestan 350 plentziar inguru elkarrizketatu ditu. Bertan, herritarrei 66 galdera egin dizkiete hiribilduaren egoera orokorrari buruz, zerbitzuen gogobetetzeari buruz eta udal-jarduerari buruz, besteak beste. Udalak 7.381 euroko kreditu aldaketa onartu zuen inkesta hori egiteko.

Plentziako EH Bilduk salatu du Udalak galderen artean hauteskunde-inkesta txertatu duela, eta, horretaz gain, David Crestelo EH Bilduko zinegotziak deitoratu du "galderen erabilera ez dela aspetikoa izan, testuinguruaren arabera horien intentzionalitatea zalantzazkoa delako".

Galdera-sortan, besteak beste, elkarrizketatuei eskatu zieten baloratzeko Plentziako EH Bilduk eta EAJk egiten duten lana, eta Elixabete Uribarri EAJko alkatea edo David Crestelo EH Bilduko alkate ohiaren balioztapena egiteko. Horietaz gain, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakariaren lana baloratzeko ere eskatu zuten.

Halaber, koalizio abertzaleko kideak azaldu du galderetako batean Gatzarriñen sarbide mekaniko bat jartzeko aukera planteatzen dela, eremu pribatua dela azaldu barik, edo galdetu zieten ea bazekiten Udalak 50.000 euro baino gehiago inbertitu dituela Arkote eta Plentzia Piraguismo Taldeko ontzientzako hangarrean, Arpillaoko taldeen egoera aipatu barik. Are gehiago, Crestelok beste galdera-mota bat deitoratu du: "Nola izan daiteke herritarrei galdetzea terrazak baimenik gabe jartzen dituzten tabernei isunak jarri behar zaizkien? Hori legez araututa dago".

Era berean, EH Bilduk inkesta baten grabaketa argitaratu du bere sare sozialetan, baina hori langilearen pribatutasunaren aurka doala eta desegokia izan dela aitortu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun