Plentziako Udalak 2021eko azaroan abiatu zuen artisautza merkatu berria osatuko duten postuen lizentziak esleitzeko prozesua. Dekretu baten bidez, inskribatutako pertsonek lortutako puntuazioa ezagutzera eman dute, interesdunek adierazitako lehentasunen arabera egindako loteen esleipenakaz. Horrela, askotariko produktuak eskainiko dituzten 24 salmenta-postu finko esleitu ditu Udalak.
Plentziako Udalak tokiko artisauak sustatzeko eta ikusarazteko "apustu sendoa" egin duela azpimarratu dute; izan ere, Ekonomiaren Garapen, Turismo, Merkataritza, Enplegu eta Landa Inguruneko zinegotziaren bitartez, azokan parte hartu ohi duten artisauen egoeraren erregularizazioa optimizatzeko helburua bete dute. Horretaz gain, adierazi dute tokiko ekoizpen zabal eta askotarikoa sustatu gura dutela, eta Plentzia artisautzari balioa ematen dion leku gisa finkatzeko xedea azaldu dute, hiribilduan aisiaren, kontsumo arduratsuaren eta osasungarriaren eskaintza aberastuz.
Azokak martxoan hasiko dituzte, postuak hilean behin jarriz; bestalde, publikoaren salmenta ordutegia 10:30etik 14:00etara izango da.