Urtarrilean irekitzea aurreikusita zegoen arren, martxoaren lehenengo hamabostaldian zabalduko ditu ateak Plentziako udal-merkatu berriak. Joan den hilabeteetan eraikin hori eraberritzeko lanak egin dituzte, eta, bertan lekutuko diren postuak esleitu ondoren, hura irekitzeko asmoa zuten arduradunek. Hala ere, azaldu dutenez, interesdunei dokumentazioa eskatzeko prozesu bat zabaldu behar izan dute, eta "horrek atzeratu du prozesua".
Denera, jakinarazi dutenez, azokak sei salmenta postu izango ditu, bost urteko iraupena izango duten esleipenakaz. Merkatuaren helburu nagusia izango da kalitatezko, sasoiko eta hurbileko elikagai jasangarriak eskaintzea herritarrei zein bisitariei, eta horregaz batera, lehen sektoreko jarduerak eta ekoizpenak bultzatzea.
Zentzu horretan, arduradunek azpimarratu dute esleipen-prozesuan honako hauek lehenetsiko direla, besteak beste: “zirkuitu laburreko” nekazaritzako elikagaiak, produktu ekologikoak, kalitate-markek babestutako produktuak, hala nola Eusko Label, Idiazabalgo Jatorrizko Izendapena, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izendapena, Euskal Sagardoaren Jatorrizko Izendapena eta abar. Etiketetan euskararen erabilera, udal merkatuetako beste postu batzuen titularra izanik izandako esperientzia, emakumeak edo 40 urtetik beherako pertsonak diren titularrak ere, kontuan hartuko dituzte, besteak beste.