Plentziako Udalak 17.494 euro bideratuko ditu Plentziako eskola hobetzeko zenbait obra egiteko. Horren helburua da ikastetxeko guneak egokitu eta hezkuntza-eredua ahalik eta baldintza onenetan garatu ahal izan dezan, horrela, Hezkuntza Sailetik sustatzen ari diren metodologia berriei erantzuna emateko.
Udal-iturriek azaldu dutenez, egitasmoaren xedea da umeak erosoago egongo diren ingurune bat sustatzea da, eremu zabal, aldeaniztun eta sortzaileen bidez, oztoporik gabe eta beharrezko elementu guztiak eskura dituztela. Ildo horretan, Gabonetako jai egunak aprobetxatuz, Plentziako Udalak zenbait hobekuntza-lan egin zituen bi urteko ikasleen gela eredu pedagogiko berri horren baldintzetara egokitzeko; 6.732 euroko inbertsioagaz, Udalak zorua berritu eta gela margotu zituen. Era berean, Udalak 10.761 euroko bigarren partida bat erreserbatu du bigarren ikasgela bat eta siesta-gela berritzeko; jarduera hori Aste Santuan egitea aurreikusi dute.
“Gobernu-taldeak udalerriko ikastetxeei laguntzeko eta hobetzeko martxan jarritako planak aurrera jarraitzen du, kalitatezko zerbitzuak eskaini ditzan, ikasleen zein irakasleen premiei erantzunez”, adierazi du Elixabete Uribarri alkateak.
Halaber, gogoratu dute, Plentziako haur-eskolako umeen segurtasuna bermatzeko helburuagaz, Plentziako Udalak belar artifiziala jarri zuela zentroaren kanpoko azaleran. Udalak 5.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuen hobekuntza-lan horiek egiteko. Lan horietan, inguruan zeuden harri txikiak kendu, zoladura egokitu eta belar artifiziala jarri zuten.
Horretaz gain, 2021eko ekainaren amaieran Udalak hamar bat jolas tradizional margotu zituen eskolako patioko hainbat puntutan. Horrela, jolas-garaian jarduera fisikoa, talde-jokoa, trebetasuna eta psikomotrizitatea sustatzeaz gain, jolastokia askoz ere gune erakargarriagoa bihurtu da. Udalaren hobekuntza horrek 3.000 eurotik gorako inbertsioa suposatu zuen. Bestalde, Institutuan bizikletentzako aparkalekuak ere ipini zituzten, ikasleek, irakasleek eta ikastetxeko langileek garraiobide horretarako leku seguruagoa izan dezaten.
Gaineratu dute Udalak lanean jarraituko duela, ikastetxeekin koordinatuta, bere beharrak entzuteko eta bere instalazioak hobetzen jarraitzeko.