Plentziako emakumeak benetako berdintasunaren aldeko borrokan elkartzeko logoa aurkeztu dute

Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 13:07

Logoaren aurkezpen-ekitaldia Goñi Portalen egin zuten aurreko barikuan, martxoaren 25ean. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako Araldi emakumeen kultur elkarteak eta Plentziako Udaleko Berdintasun sailak Teresa Castro ilustratzaile feministak diseinatutako irudia aurkeztu dute. Azaldu dutenez, horren helburua da udalerriko emakume guztiak benetako berdintasunaren aldeko borrokan batzea.

Plentziaren eta bertako herritarren izaera feminista indartu eta berresten duen logotipoa aurkeztu dute Araldi emakumeen kultur elkarteak eta Plentziako Udaleko Berdintasun sailak. “Gora Plentzia feminista!” da irudi horren leloa, eta azaldu dutenez, udalerrian berdintasunaren alde egiten diren kultura, aldarrikapen- eta sentsibilizazio-ekintzetan agertuko da hemendik aurrera.  Irudi berria Araldi emakumearen kultur elkarteak eta Plentziako Udaleko Berdintasun Sailak osatutako lan-mahaiak egindako elkarlanaren emaitza da. Horretan parte hartu du Teresa Castrok, LGBTI+ ilustratzaile, feminista eta aktibistak.

Martxoaren 25ean egin zuten aurkezpenean ilustratzaileak, Araldiko ordezkariek eta Elixabete Uribarri Plentziako alkateak aurkeztu zuten udalerriko emakume guztiak berdintasunaren aldeko borrokan batu gura dituen irudia. Castrok sortze prozesu osoa azaldu zuen: Ontziola plazako zuhaitzean oinarrituta dago, eta haren adarretan “Gora Plentzia feminista!” leloa irakur daiteke. Irudian, adin guztietako emakume batzuk ageri dira, beren jarduera zuhaitzaren itzalpean garatzen, maxima horren azpian, asmoen adierazpen gisa.

Bestalde, kamisetak eta oihalezko poltsak ere ekoiztu dituzte, eta laster jarriko dituzte salgai hainbat udal-gunetan. Bildutako diru guztia emakumearen eta berdintasunaren inguruan lan egiten duen ekimen solidario batera bideratuko dutela zehaztu dute. Era berean, logotipoagaz pankarta bat egingo dute, udalerrian antolatu daitezkeen aldarrikapen ekintza ezberdinetan erabiltzeko.

Teresa Castro

Komikien, ilustrazioen, bineten eta zerrenda komikoen bidez emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duen ARTivista bat da. Emakumeak eta LGTB+ pertsonak ikusarazteko eta ahalduntzeko proiektuak egiten ditu GKErentzat (Unesco Etxea, Mugen Gainetik eta Gehitu), edota Gramaneteko Santa Coloma eta Valladolideko Udalarentzat istoriotxoak sortuz.

LGTBI+ eta lesbianen errealitateak ikusaraztea helburu duten zenbait argitalpen koordinatu ditu. Gainera, tailerrak eskaintzen ditu, eta mahai-inguruetan eta hitzaldietan parte hartzen du komiki-aretoetan eta hainbat unibertsitatetan, hala nola Valladolideko Unibertsitatea eta Madrilgo Karlos III.enean. 2019an, L.S.B., Ana ¡El lesbicómic! – Deluxe edizioa komikia eta fanzine batzuk autoargitaratu zituen. Egun, hainbat komunikabidetan laguntzen jarraitzen du, hala nola La Gallina Vasca aldizkari satirikoan, Gehitu Magazine aldizkarian eta 20minutos.es egunkariko 1 de cada 10- Blog de la diversidad sexual y de género blogean. Horrez gain, tailerrak eta komiki-proiektuak egiten jarraitzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun