Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

"Komikia eta binetak erabiltzen ditut emakumeen eta LGTBI pertsonen giza-eskubideak aldarrikatzeko"

Ander Zarraga 2021ko mar. 4a, 14:55

Teresa Castro eta L.S.B., Ana komikietako pertsonaia. © TERESA CASTRO

Teresa Castro komikigileak 2013tik argitaratzen ditu bere komikiak Gehitu Magazine aldizkarian. Horretan, LGTBI komunitatearen auzi eta arazo ezberdinei egiten die aurre L.S.B., Ana izeneko protagonistak, lesbianismoaren ikuspegi positibo batetik abiatuta. Castrok zapatuan, hilaren 6an, hitzaldia emango du Plentziako Goñi Portal kultur etxean, 11:30ean; horretan, emakumeek komikiaren munduan duten lekua ezagutzera emango du.

Komikia aktibismoa egiteko erabiltzen duzu zuk, nola da hori?

Bai, ni ARTtibista bezala izendatzen dut nire burua; hau da, komikia eta binetak erabiltzen ditut emakumeen eta, bereziki, LGTBI pertsonen giza eskubideak aldarrikatzeko.

Zu beste arte-alor batzuetan ere ibili zara. Zergatik aukeratu duzu komikia?

Beti egon naiz kulturaren munduagaz harremanetan; niretzako, batez ere, zaletasuna izan da. Hala ere, margolanen erakusketak egin ditut, ipuinen lehiaketetan ere parte hartu dut eta zenbait sari ere irabazi ditut. Komikiak daukan berezitasuna da arte horiek guztiek bakar batean batzen dituela; azkenean kontaketa bat da marrazkia ere erabiltzen duena. Nik beti irakurri ditut komikiak, eta uste nuen jarraitu behar nuen bidea hori zela.

"Uste dut modu errazagoa dela jendearengana hurbiltzeko, liburu bat hartzeak nagia ematen dienei behintzat"

Bestalde, komikiak marrazkiak dituenez, uste dut modu errazagoa dela jendearengana hurbiltzeko, liburu bat hartzeak nagia ematen dienei behintzat. Zuk komiki bat mahai baten gainean jartzen duzunean jendeak begiratu egiten du, baina liburuakaz zailagoa da, baldin eta irakurtzeko ohitura ez baduzu behintzat. Komikia erdibidean dago, baina bere mugak ere ditu, askotan pentsatzen dugulako umeentzako gauza bat dela, baina hori aldatzen ari da, eta oso istorio indartsuak ari dira kontatzen komikietan.

Beraz, liburuak baino erakargarriagoak direla esango zenuke?

Bai, aurrekoan komikien inguruko konferentzia batean zera entzun nuen:  "Zu komiki batera hurbiltzen zara azalak arreta deitu dizulako, gero etxera daramazu marrazkiengatik edo istorioagatik, eta, azkenik, pertsonaiak dira komikira lotzen zaituztenak". Liburu batek ez dauka hori, errazagoa da komiki bat zabaltzea.

Sare sozial eta mugikorren garaiotan, errazagoa da publikoaren arreta piztea eta mezuak bidaltzea bineten bitartez?

Bai, hori da. Irudiek eta bideoek mugitzen duten mundu batean bizi gara, beraz, horretara hurbiltzen den guztia beti izango da deigarriagoa. Asko dira Instagramen binetak eta istorio laburrak argitaratzen dituztenak, eta horrek arrakasta handia ematen die. Azkenean, bizi garen gizarte honetan abiada bizian goaz leku guztietara, eta hobeto jasotzen ditugu mota horretako mezuak.

Nor da L.S.B., Ana?

Aspaldi jaio zen pertsonai bat da. Gehitura, Euskal Herriko lesbiana, gai, bisexual, trans eta intersexual elkartera, hurbildu nintzenean nire komikia erakutsi nien, eta, gustatu zitzaienez, 2013an Gehitu Magazinean binetak argitaratzen hasi nintzen. Ana hasiera-hasieran ni nintzen, baina aspaldi gainditu ninduen, istorio berri asko hartu dituelako. Jaio zenean, emakume lesbiana bezala nituen baldintzak beste ikuspegi batetik begiratzeko balio izan zidan. Humorearen ikuspuntutik eta karga dramatikoa kenduta. Anak hurbilketa bat eskaintzen du agian pertsona askorentzako ezezaguna izan daitekeen egoera batera.

"Anak hurbilketa bat eskaintzen du agian pertsona askorentzako ezezaguna izan daitekeen egoera batera"

Zer ikasiko dute zapatuan zure hitzaldira hurbilduko direnek?

Hasteko, genero-arrakalaren inguruan komikiak zer erakutsi dezakeen aztertuko dugu. Jende askoren arreta erakartzen duen atala da hori, azkenean, gure gizarteko kultur-irudikapenek gizartea nolakoa den adierazten baitigute. Errealitate-kultural hori atzemango dugu, eta pelikula, liburu eta abestien berrirakurketa bat egin ere. Bukatzeko, historian zehar emakumeak komikietan nola irudikatu gaituzten aztertu eta gaur egun hori guztia nola aldatu den ikusiko dugu. Komikiak umeentzako direnaren mitoa apurtzen saiatuko gara, eta horretarako markotik ateratzen diren lanak ikusiko ditugu: minbizia, bikote-arazoak, amatasuna, bidaiak eta hainbat gai ezberdin lantzen dituzten komikiak ikusteko ibilbidea, hain zuzen ere.

Zein komiki gomendatuko zenioke mundu horretan barreiatu gura duen pertsona bati?

Asko gomendatu ditzaket, baina, hasteko, Bilboko lagun baten lana gomendatuko dut. Bera Susana Martin da, eta 2020an Año X nobela-grafikoa argitaratu zuen. Bertan, aho betean lesbiana zela onartu zuen Annemarie Schwarzenbach kazetari eta abenturazale suitzarrari buruzko biografia bat egiten du Martinek. Oso lan gomendagarria da, orain arte ezkutuan egon den emakume lesbikoen historia berreskuratzen duelako. Gero, Tillie Waldenen En un rayo de sol irakurtzeko esango nioke. Komikigile gazte horrek arrakasta handia izan zuen bere lehen lanagaz; bertan, armairutik atera zeneko istorioa kontatzen du. Bukatzeko, Lo que más me gustan son los monstruos esango nuke. Emil Ferisen lan hori Bic boligrafoakaz egindako komikia eta liburu ilustratuaren arteko nahaste ikusgarria da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun