Plentziako bide garbiketa zerbitzuko langileak greban daude

Ander Zarraga 2022ko api. 12a, 13:56

Plentziako bide garbiketa zerbitzuko langileak protesta egin dute udaletxearen atarian.

Hiribilduko kaleak garbitzeaz arduratzen diren beharginak greban daude egun hauetan. Beraien lan-baldintzak hobetzeko exijitu diete Plentziako Udalari eta zerbitzua ematen duen enpresari, besteak beste, 2019tik lan-hitzarmena iraungita dutelako. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak %25eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.

Hilaren 11n, 12an eta 13an Plentziako kale-garbiketaz arduratzen den zerbitzuko langileak lanuzteak egingo dituzte beraien lan-baldintzak hobetzeko exijitzeko. Diotenez, lan-karga areagotu diete eta Udaletik geroz eta ardura gehiago ezarri dizkiete, baina lan-hitzarmenak iraungita jarraitzen du 2019tik.

Adierazi dutenez, Udaleko ordezkariakaz elkartzea lortu zuten beraien aldarrikapenak helarazteko, "baina ez gai horretaz arduratzen direnakaz. Esan ziguten alkateari esango ziotela eta beraren erantzuna jasoko genuela, baina oraindik horren zain jarraitzen dugu". Horren aurrean, langileek greba aurreabisua egin zuten, eta enpresak euren aldarrikapenak zeintzuk ziren galdetu ziela ere azaldu dute, baina ordutik ez dute bestelako erantzunik jaso, ez enpresaren aldetik ezta Udaletik ere.

Plentziako bide garbiketa zerbitzua Brocoli S.L. enpresak kudeatzen du, duela gutxi greban egon den Gorlizko zerbitzua kudeatzen duen enpresa bera, hain zuzen ere.

Esti Redondo ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, Plentziako kaleetako garbiketa-zerbitzuaz arduratzen diren langileen hitzarmena 2019ko abenduan iraungi zen, eta ordutik ez dute berritu. "Daukagun KPI-arekin eta gauzak dauden moduan langile hauek ez dute inolako baldintzen hobekuntzarik izan ordutik; gainera, lau langile besterik ez dira Plentziako kale guztietako garbiketaz arduratzeko eta geroz eta lan-karga handiagoa dute", adierazi du Redondok.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak %25eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu egunotarako. Bereziki umeentzako parkeen eremuetan, hondakinak biltzeko eremuetan eta ezohiko inguruabarrak gertatzen badira egingo dute lan garbitzaileek.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun