Arkoteko haurrek 2022ko Euskadiko Txapelketa irabazi dute

Ander Zarraga 2022ko api. 26a, 15:19

Arkoteko haurrak domekan irabazitako ikurrinagaz. © ARKOTE ARRAUN TALDEA

Aurreko aste-akabuan, Sestaoko uretan lehiatu zen Euskadiko haurren batel txapelketako azkarrena izan zen Arkotekoa. Plentziako kadeteek hirugarren postua eskuratu zuten. Hurrengo aste-akabuan Espainiako txapelketan lehiatuko dira Pasaiako uretan.

Hilaren hasieran Bizkaiko txapelketa irabazi ondoren, Arkote arraun taldeko gizonezkoen haurrek Euskadiko ikurrina bereganatu zuten aurreko aste-akabuan, apirilaren 23 eta 24ean, Sestaoko uretan jokatu den Euskadiko Txapelketan. Arkotek ez zuen horrelako garaipenik lortzen 2017tik.

Zapatuan, Plentziako batela azkarrena izan zen sailkapen-estropadetan, 4:50,58 denboragaz. Emaitza horri esker, Arkoteko haurrek domekako finalerako pasea eskuratu eta ez zuten hutsik egin. Azken luze ederra egin ostean, branka aurretik sartu eta garaipena eskuratu zuten, 4:46,92ko denboragaz. Atzetik sailkatu ziren Getaria, Orio eta Itsasoko Ama.

Ez ziren Arkoteko ordezkari bakarrak izan, eurekaz batera gizonezko kadeteak ere egon baitziren Sestaon. Zapatuko sailkapenetan zortzigarren postuan sailkatu ziren horiek eta domekako kontsolazio-txandarako lekua lortuz. Horretan, lehendabiziko ziabogan azkarrenak izan arren, azkenean, hirugarren postuagaz konformatu behar izan ziren.

Bestalde, gizonezkoen kimuek ez zuten parte hartzeko aukera izan, Bizkaiko Txapelketan hirugarren postua lortu bazuten ere; Arkotekoek deitoratu dutenez, "Euskal Arraun Federakuntzak bertan parte hartzeko aukera urratu die, tamalez, ez baitu maila honetarako txapelketarik antolatu". Emakumezko gazteek ere ez zuten bertaratzeko aukerarik izan, "bitarteko arrazoiak zirela medio".

Bost denboraldi igaro dira 2017an Arkotek haurren mailan ere azkeneko ikurrina eskuratzea lortu zuenetik. Garaipen honi esker, hurrengo aste-akabuan, apirilaren 30ean eta maitzaren 1ean, Arkoteko mutilek Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Horrenbestez, lehiaketa gorenean arituko dira Galizia, Kantabria, Asturias eta Euskadiko ontzi bizkorrenen aurka.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun