Plentziako Udalak 350 plentziarren iritziak bildu ditu udalerriko hainbat konturen inguruan, hala nola beharrei, eskaerei, gogobetetzeari eta herriaren pertzepzioari buruz. HIRUKAk Gizaker enpresak egindako txostenera sarbidea lortu du, eta azaltzen den lehen datuaren arabera, plentziarrek 10etik 8,45 ematen diote udalerriko bizi-kalitateari. Lautik beherako puntuazio eman duten herritarrek merkataritza prekarioa, mantentze-lan eza eta kudeaketa aipatu dituzte.
Inkestatutakoen % 43,1ek uste dute Plentziaren egoera ez dela aldatu azken urteotan; aitzitik, %24,6arentzat hobera joan da, baina hiru herritarretik batek (% 28,9) uste du herria okerrera joan dela; besteak beste, herria abandonatuta dagoela uste dute, zikinkeria, kudeaketa txarra eta aparkaleku eza ere aipatu dituzte. Azken datu hori deigarria da, horrelako inkestetan % 15ean ibiltzen delako.
Zentzu horretan, galdetutakoei aparkalekua da gehien kezkatzen dien arazoa (% 26,9). Horren atzetik, udalerriaren garbiketa (% 8,9), merkataritza txikia (% 8), herriaren mantentzea (% 6,9), garraio publiko eza (% 4,9) eta auzo abandonatuak (% 4,3) dira herritarren ardura nagusiak. Bestalde, gehienentzako (% 92,6) tabernetako terrazak ez dira arazo nabarmen bat; hala ere, % 52ak uste du isunak jarri beharko zitzaizkiela gune publikoak okupatzen dituzten terrazen jabeei.
Bestalde, galdetutakoen % 65,4a ez dago Plentziako segurtasunagatik arduratuta, eta % 78,3ak ez du uste Plentzian segurtasun-arazo handiagoa dagoenik inguruko herriakaz alderatuta. Ildo berean, galdetutako emakumeen % 67,6 seguru sentitzen da auzoan gauez bakarrik oinez ibiltzean.
Plentziako Udala
Txostenaren arabera, herritarrek Udalaren kudeaketa-lanari bost bat ematen diote, eta % 27,1ak gobernu-taldearen irudi txarra edo oso txarra dauka. Ostera, % 4k bikaina dela deritzo, % 26,3k ona dela uste du eta % 39,1ek ez ona ez txarra bezala kalifikatzen du. Aurreko datuen batezbestekoak 4,93ko puntuazioa ematen dio Udalaren jardunari eta irudiari.
Zentzu horretan, Elixabete Uribarri alkateari 5,02ko puntuazioa eman diote inkestatuek. % 12ak zazpiko nota jarri dio alkatearen lanari, baina % 31,1ak zero eta lau tartean puntuatu du. Balorazio negatiboen artean, duela gutxi dagoela, ez dela inplikatzen eta kudeaketa txarra aipatu dituzte.
Proiektuak eta zerbitzuak
Inkestatuen % 82arentzako Arpillaoko aparkalekuak funtsezko azpiegitura dira Plentziarentzat; izan ere, duela urte bete baino gehiago itxi zuten aparkalekuak 669 plaza ezabatu zituen udalerriaren erdialdetik. Horren eraginez, hainbat ibilgailu pribatuk kalean aparkatu behar izan dute, eta kotxea uzteko lekua bilatzea buruhaustea bihurtu da plentziar askorentzat.
Oro har, herritarrek positiboki ebaluatu dituzte gobernu-taldeak Plentziarentzako proposatu dituen hainbat proiektu: geltokiaren ingurua txukuntzea (7,84), Mungiara errepidea konpontzea eta zabaltzea (7,67), Itsasadarra txukuntzea (6,98), sarbide mekanikoa Alde Zaharrera eta Gatzamiñera (6,92) eta Ribera kalea oinezkoentzat egitea (5.83). Udal-iturriek azpimarratu dutenez, horrelako datuek Udalaren etorkizuneko ahaleginak bideratuko dituztela, hurrengo ekimenak eta proiektuak garatzeko orduan.
Era berean, elkarrizketatuek herriko kultura zerbitzuak (6,04) herriko trafikoa (5,93), gizarte zerbitzuak (5,80), edo hiritarren segurtasun-arloa (5,56) bezalako zerbitzuak baloratzeko aukera ere izan dute. Kasu horretan, galdetutakoen % 62 pertsonentzako sarbideak hobetzearen alde azaldu da, batez ere Alde Zaharrean (% 44,6) eta Txipio auzora (% 15,7).
Boto-asmoa
Hurrengo udal-hauteskundeetan plentziarrek nori bozkatuko dioten ere galdetu diete inkestatuei, eta, azterlanaren arabera, % 23,5ak EH Bilduri emango lioke botoa, eta % 20,9ak EAJri; aldiz, % 36,3ak ez daki edo ez du erantzuten eta galdetutakoen % 13,4a ez litzateke bozkatzera joango. Ostera, % 23,7ari EAJk irabaztea gustatuko litzaioke; EH Bilduren kasuan, berriz, % 19,7ak babesten du koalizio abertzalea. Hala ere, konfiantza gehien sortzen duen alderdia EH Bildu da (% 24,9), eta, ondoren, EAJ (% 22,6).
Bestalde, interesak gehien defenditzen dituen alderdien arteko aldea esanguratsua da Plentzia eta Bizkaia edo EAEren artean: galdetutakoen % 28,9k uste EH Bilduk hobeto babesten dituela plentziarren interesak, aldiz, Bizkaian eta EAEn EAJk hobeto defendituko lituzkeela uste dute, % 41,7ak eta % 42,9ak, hurrenez hurren.
Oposizioaren erantzuna
Udalak emandako datuakaz kritiko azaldu da David Crestelo Plentziako EH Bilduko ordezkaria: "Udal-gobernuak modu oso partzialean argitaratu ditu datuak, enpresak adierazitako zehaztapenak adierazi gabe". Besteak beste, adierazi du Udalak 10etik 8,45eko nota goraipatu duela, baina nota hori nahiko ohikoa dela zehaztu du enpresak, "ez da ezer berezia".
Bestalde, proiektuen balorazioa egiteko orduan, Crestelok kritikatu du inkesta egin zenean galdeketan proiektu jakin batzuei buruz bakarrik galdetu zutela; gainera, "horietako asko aurreko agintalditik zetozen".
Horretaz gain, koalizio abertzaleko ordezkariak azpimarratu du polarizazio politiko argia dagoela Plentzian, "batez ere, Udalak blokeatu gaituelako, eta horren ondorioz bai gobernu-taldea bai plentziarrak galtzen atera dira". Emaitza horien aurrean, irakurketa sakona eta autokritika egitea eta Udalagaz elkarlanean Plentziaren alde egiteko deia egin du politikariak; "politikoki ausartagoak izan behar gara, herriaren alde elkarrekin lan egiteko".