Plentziako Udala garbiketa-zerbitzuko langileen grebagaz bukatzeko bitartekaritza-lanetan ari da

Ander Zarraga 2022ko mai. 10a, 13:49

© PLENTZIAKO UDALA

Plentziako bide garbiketako zerbitzuko langileak greba mugagabean daramate apirilaren hasieratik. Eskatzen dute beraien lan-baldintzak hobetzeko, besteak beste, 2019tik lan-hitzarmena iraungita dutelako. Arazoagaz bukatzeko Udala bitartekaritza-lanak egiten hasi da beharginen eta enpresaren artean.

Plentziako kaleak garbitzeaz arduratzen diren langileen greba bukatzetik hurbilago egon daiteke; izan ere, Udala bitartekaritza-lanetan hasi da irtenbide adostu bat lortzeko, "eta horretan arituko da akordio batera iritsi arte", azpimarratu dute udal-iturriek. Gaineratu dutenez, "greba egiteko arrazoiak esklusiboki langile eta enpresaren artean sortutako barne desadostasunetan oinarritzen dira". Hala ere, udaldia gertu egonda, gobernu-taldea bitartekaritza lanetan hasi da eta, aurreko asteko barikuan, langileakaz elkartu zen; aldiz, gaur, maiatzak 10, Brocoli S.L. enpresako arduradunakaz batuko da.

"Langileak alkateordearekin elkartu ziren aurreko astean, eta honek esan zuen Udalak grebarekin amaitu nahi zuela", azaldu du Esti Redondo ELA sindikatuko ordezkariak. Zentzu horretan, baliteke Udalak diru gehiago bideratzea hurrengo pleguetara, eta horrela arazoagaz amaitzea, "baina oraindik enpresak eta Udalak erabakitzen dutena ikusi behar dugu", zehaztu du Redondok.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko Sailak ezarritako gutxieneko % 25eko zerbitzuak mantendu ditu. Bestalde, Udalak indarrean dagoen kontratua betetzen dela zainduko duela azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun