Geroz eta gutxiago falta da Plentzia Bus zerbitzua martxan jartzeko, izan ere, Udalak beste pauso bat eman zentzu horretan du, Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz sinatu duen hitzarmenari esker autobus-zerbitzua Barik txartelagaz ordaindu ahalko baita. Zentzu horretan, txartelaren euskarri fisikoa zein Barik Mobil aplikazioa erabili ahalko dira, partzuergoak kudeatzen dituen titulu guztiakaz: Creditrans, Gizatrans eta Bidai eta Gazte aldi baterako tituluak, mota guztietan, baita Bilbao Bizkaia Card txartelean sartzea ere.
Hitzarmena aho batez onartu zen Udalaren uztaileko osoko bilkuran. Udal-iturriek azaldu dutenez, Udalarentzat ezinbestekoa zen hori aurrera ateratzea Plentzia Bus zerbitzua lizitatzen denean Barik txartela ezarri ahal izateko; horrela, zerbitzua emango duen enpresa esleipendunak ordainketa-sistema hori ezarrita duela bermatu beharko baitu.
Plentziako Udalak udaldiaren ondoren esleituko du auzoen arteko garraio publikoaren zerbitzua. Horren bitartez, auzoak metroagaz, udalerriko erdiguneagaz, portuagaz eta hondartzagaz lotuko dituen garraio-zerbitzua abiatuko dute hiribilduan. Halaber, Barik txartelak Metro Bilbaon eta Bizkaibusen deskontuak dituzten transbordoak egiteko aukera ere emango duela iragarri dute.
Plentzia Bus zerbitzua martxan jartzea Entzun eta Ekin proiektuaren barruan kokatu du Udalak, 2022 eta 2023 urteetan hiria biziberritzeko aktibatu duen inbertsio-plan berezian, Plentziako auzo guztietan eragina izango duena, hain zuzen ere. 1.859.100 euroko planak herritarrek aurtengo apirilean egindako azken inkesta soziopolitikoan adierazitako beharrei eta arazoei erantzuteko premiazko hamar proiektu biltzen ditu.