Mirentxin Gidariak omenduko dituzte zapatuko IX. Itsas Martxan

Ander Zarraga 2022ko abu. 4a, 10:24

Itsas Martxa, artxiboko irudian.

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere euskal preso eta iheslarien aldeko Itsas Martxa egingo dute Plentziako itsasadarrean zehar nabigatuz; abuztuaren 6an, zapatuan, 11:30ean jarri dute hitzordua.

Plentziako Itsas Martxa guztiak bereziak dira, baina aurtengoa are hunkigarriagoa izango da euskal presoen aldeko Mirentxin Gidarien sareari omenaldia egingo baitiote. Hainbat urtez, dispertsioa pairatu duten senideen zama arintzeko helburuagaz milaka kilometroko joan-etorriak egin ostean, urtarrilean disolbatzeko erabakia hartu zuen kolektiboak; hori dela eta, aurtengo IV. Itsas Martxan omenaldi berezia egingo diete. 

Jardunaldia 11:30ean hasiko da Plentziako zubi zurian martxan parte hartuko duten itsasontzi eta piraguen elkartzeagaz. Ostean, 12:00etan, Plazatxoan batu eta euskal presoen senideei eta Mirentxin Gidariei omentzeko ekitaldia egingo dute. Hori bukatzean, 12:15ean, Itsas Martxa eta manifestazioa hasiko dute, Ur kontzertuaren musikak lagunduta; izan ere,, Plentziako itsasadarreko uretatik kontzertua eskainiko dute Xabi Solanok eta  DZ-k (Esne Beltza Sound System).

Itsas Martxa bukatzean, herri-bazkaria egiteko Elizako plazan elkartuko dira 15:00etan, eta, arratsaldean, 17:30ean, Arene 6 eta Kaleko Urdangak taldeek kontzertua eskainiko dute.

Itsas Martxan parte hartzeko piraguak erreserbatzeko 637 070 889 telefonoa ahalbidetu dute antolatzaileek. Bestalde, herri-bazkarirako tiketak honako taberna hauetan eros daitezke: Uriola (Plentzia), Txiberri (Urduliz), Laiak (Sopela), Nebak (Berango), Hator (Algorta) eta Mungiako Herriko taberna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun