Plentziako jai-batzordea: "Festa lasai, alai eta parte-hartzaileak izatea espero dugu"

Iker Rincon Moreno 2022ko abu. 29a, 16:23

Plentziako jai-batzordeko hainbat kide, San Juan gauean.

Orain hiru urte, 2019an, ospatu zituzten azkenengo jaiak Plentzian. Ohi legez, auzoz auzo eta plazaz plaza gozatzen dituzte festok hiribilduan: sankristobalak, karmenak, madalenak, sanantolinak... Hamaika aukera izaten dituzte plentziarrek, eta bertara joandakoek, ospakizunez gozatzeko. Hala ere, guztiei hasiera ematekoa da San Juan Egunaren bezpera; suaren inguruan dantzan eta kantuan jarri, atzean utzitako une txarrak erre eta udaldiko jaiei begira jartzen dira plentziarrak. Hiru urte azkenekoz horiek antolatu zituztenetik, eta, hori dela-eta, ez da erronka makala izan jai-batzordeak gainditu behar izan duena aurtengo jaien egitarauak osatzeko. Jakin dezagun zer-zelakoak izan diren beharrok.

Hiru urte igaro dira azkenengo jaiak antolatu zenituztenetik. Zelakoak izan dira 2022 honetan udalerriko festak antolatzeko lanak?

Kostata, baina dena martxan jartzea lortu dugu. Gogorra izan da bidea, izan ere, urte hasieran oraindik ez genekien jaiak egin ahal izango genituen ala ez. Ondorioz, atzerapenak direla medio, arazotxoak izan ditugu ekintza batzuk antolatzeko orduan. Antolaketa-lana erraza dirudi, baina inondik inora; horren atzean ordu asko eta asko daude.

Berezitasunik izango dute aurten ospakizunek?

Jaiak ospatzea lorpen bat izango da bere horretan. Bereziak izango dira, bai, bi urte barik egon ondoren guztiok itxaroten ditugun jai-jarduerak bueltatuko direlako.

Plentzian, udan, hainbat auzotan egiten dituzue jaiak. Zelan antolatzen zarete hori guztia antolatzeko?

Taldeak lan izugarria egin behar du. Horretarako, gainera, herriko talde, klub eta elkarteei laguntza eskatzen diegu, eta lortzen dugu ere. Horiek gabe ezin izango genuke egiten dugun guztia egitea.

Zelako harrera dute udako jaiek plentziarren artean?

Oso ona! Gainera, plentziarrak oso parte-hartzaile onak dira ospakizunetan.

Zuotako askok urte asko daramatzazue jaien antolaketa-lanetan. Zelan aldatu dira udalerriko jaiak urteotan?

Aldatu baino, eguneratu direla esango genuke, bai. Play-back frogak izugarrizko arrakasta du, baita mozorroen familien arteko desfileak eta koktelen egunak ere; azken horrek, gainera, garrantzi handia hartu du inguruotan.

Bada, lehengo eta oraingo giroa berdina izaten jarraitzen du?

Ez... guztiz ezberdina da!

Zer esango zeniekete herritarrei jaietan parte hartzeko?

Bi urtez ezin izan ditugu gure jaiak eta ohiturak ospatu, beraz, gure gomendioa edo eskakizuna da egun osoan zehar egongo diren ekintzetan parte hartzea. Hau da, pertsona bakoitzari erakartzen dion ekintzetara soilik joan beharrean, denetan parte hartzea eta jaiez gozatzea. Eta, noski, errespetuz betetako jaiak izatea.

Zer espero duzue aurtengo ospakizunez?

Festa lasai, alai eta parte-hartzaileak egitea gustatuko litzaiguke. Errespetuz, jai-giro itzela sortzea, disfrutatzea, denok lekua dugulako gure jaietan. Etorri eta goza ezazue gure herriaz! 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun