Zerbitzua mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak eramateko ere prest dagoela azaldu dute udal-iturriek, eta,
ordutegiari dagokionez, goizaldeko 01:00etatik 05:00etara egongo da martxan. Horretaz baliatzeko, erabiltzaileek beraien datuak emateko identifikazio-puntura joan beharko dute, "txarterraren" biribilgunera, igogailu publikoaren ondora, hain zuzen ere. Udalak puntu hori aukeratu du etxeratze seguruaren zerbitzua eskaintzeko pilaketa gutxiagoko gunea delako eta bertatik ibilgailuaren irteera errazagoa izango delako.
Dispositiboa beren etxebizitzetara itzultzeko unean segurtasunik gabe sentitzen diren herriko pertsona guztiei zuzenduta dagoela azaldu dute, eta edozein genero eta adini zuzenduta dago, nahiz eta honen bokazioa, bereziki, emakumeei laguntzea da, eraso sexistak ekiditeko, hain zuzen ere.
Zerbitzua herriko auzo urrunenetan bizi diren herritarrak lekualdatzeko pentsatuta dago. Gainera, Gorliz bezalako ondoko herrietara mugitzeko eskaerarik balego, horiek ere eramango lituzkete, udalerriko puntu jakin batera eramanez, Elizako plazara, esaterako. Hortik aurrera, bidaiariek beren kabuz joan beharko dute etxera.
“2019an ikusi genuen ekimenak oso harrera ona izan zuela plentziarren aldetik. Segurtasuna ematen du, eta gure lehentasuna erasorik gabeko jaiak lortzea da eta larderiak, mehatxuak, intsinuazioak edo etxera itzultzean lasaitasun eza sortu dezaketen egoerak ekiditea. Horregatik guztiagatik, positiboki baloratu dugu zerbitzu hau berriro martxan jartzea, nahiz eta aktibatu behar ez dugun egun bat iristea espero dugun”, adierazi du Elixabete Uribarri alkateak.
Sorginen Alabak, aitzindari
Sorginen Alabak talde feministak 2017an sortu zuen Gorliz eta Plentziako jaietarako erasoen aurkako prebentzio- eta erantzun-protokoloa. Jai-batzordeen, udalen, eta bestelako eragileen laguntza izan zuten. Bere momentuan azaldu zutenez, Plentziako eta Gorlizko mapak egin zituzten argi edo mugimendu gutxi duten gune beltzak zeintzuk diren jakinarazteko. Gainera, puntu moreak ere jarri zituzten. Horietan, txosna-guneetan, etxera bueltatzeko brigadak antolatu zituzten: hiru pertsonako talde bi. Modu berean, auto-zerbitzua ere eskaini zuten, auzoren batean bizi diren emakumezkoak arinago eroateko etxera.