Plentziako Errotabarri futbol-zelaiko lurren lagapena 2026an bukatuko da, baina data hori heldu aurretik, herriko eragileek fitxa mugitu dute eta Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eskatu diote kontzesio hori aldatzeko, laster mende bat beteko duen S.D. Plentziak bere zelaia gal ez dezan.
Alde batetik, atzo, Espainiako Senatuak partzialki onartu zuten EH Bilduk auzia eztabaidatzeko otsailean aurkeztutako mozioa, lursailaren lagapena luzatu edo zuzenean Udalari jaregitea eskatzeko. Hiribilduko koalizio abertzaleak albistea txalotu du, eta "konponbidea bilatzeko bidai luze baten hasiera" dela iragarri zuen sare sozialetan.
Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak aurkeztu zuen mozioa, eta, gogoratu zuenez, kirol-instalazio horiek "40 urte baino gehiago daramatzate lursail horretan, 1980an Ariztegi familiak kirol-erabilerarako Udalari dohaintzan eman zizkionetik". Hala ere, instalazioak Itsas eta Lur-eremu Publikoan daude, eta 2016ean horiek berritzeko lanak egin zituztenetik, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 10 urteko lagapena eman zion Udalari, beste kokapen bat bilatzeko baldintzagaz.
Ordutik, hiribilduko agintariek futbol-zelaia lekualdatzeko aukera ezberdinak ikertu dituzte, tartean, Arpillaoko ingurua, hori baita udalerrian baldintzak bete zitzakeen lursail bakarrenetako bat. Hala ere, hiribilduko EH Bilduk azaldu duenez, "hirigintza- eta ekonomia-arrazoiengatik ezetsi zen aukera hori".
Alkatearen gutuna
Beste aldetik, hilaren 23an, Elixabete Uribarri Plentziako alkateak gutun bat bidali zuen Estatuko Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusira. Horretan, Plentziako Udalari emakida eman zion tituluan funtsezkoa ez den aldaketa egitea eskatu zuen, 2040ra arte luzatzeko eskatuz, "Plentziak ez dituelako antzeko tamaina eta ezaugarriak dituzten beste lursail batzuk, egungoak bezalako kirol-instalazioek har ditzaketenak".
Besteak beste, alkateak bidalitako idazkiak azpimarratu zuen Errotabarriko instalazioetan kirol jarduera inoiz baino biziago dagoela, eta Uribarrik gogorarazten duenez, instalazio horiek Plentzia Kirol Elkarteak erabiltzen ditu, ia 100 urteko historia duen erakundea, udalerrian errotuta dagoena, jokalari asko biltzen dituena eta azken denboraldietan ahalegin handia egin duena emakumezkoen futbolari balioa emateko.