Plentziako Errotabarri futbol-zelaia Udalari lagatzeko eztabaidatuko dute Espainiako Senatuan

Ander Zarraga 2022ko ira. 27a, 10:15

2015eko martxoaren 6an, ehunka plentziar atera zen kalera, Errotabarri konpon zezaten eskatzeko.

Bihar eztabaidatuko dute Errotabarriko kirol-instalazioak kudeatzeko 10 urteko kontzesioaren ostean lur horien etorkizuna zein izan daitekeen. 2016an, Espainiako Gobernuko Elikadura, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak 10 urtez laga zion Errotabarri lurren erabilera Plentziako Udalari

Oraindik lau urte falta dira Errotabarriko futbol-zelaiaren kontzesioa bukatzeko, hala ere, daborduko, EH Bilduk kirol-instalazioen behin betiko kudeaketa Plentziako Udalaren eskuetara pasa dadin lanetan dabil. Hala, bihar, hilak 28, Espainiako Senatuko Trantsizio Ekologikorako Batzordean lur horien inguruko mozioa eztabaidatuko dute Plentziako Udalaren jabetzara pasa daitezen.

Plentziako koalizio abertzaleko kideek jakinarazi dutenez, azken urteotan S.D. Plentzia elkarteko zuzendaritzagaz koordinatuta hainbat irtenbide baloratu dituzte, tartean, Arpillaoko inguruan futbol-zelai bat eraikitzeko aukera ere: "Hori izan zitekeen instalazio mota hori hartzeko baldintzak bete zitzakeen lursail bakarrenetako bat. Esan beharra dago  ondorioak argiak eta laburrak direla, eta, besteak beste, hirigintza- eta ekonomia-arrazoiengatik ezetsi dela aukera hori".

Azaldu dute 2021ean Idurre Bideguren EH Bilduko senataria S.D. Plentziako zuzendaritzagaz elkartu zela Errotabarriren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Ildo horretan, Estatuko Idazkaritzari kontzesioa luzatzeko asmorik ote zuen galdetu zioten, baina ez zieten ezer argitu. Horren harira, 2021eko eta 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan Errotabarriren egoera mahai gainean jarri zuten, eta, aldi berean, 2022ko otsailean bihar eztabaidatuko den mozioa erregistratu zuten. Jakinarazi dute saioa zuzenean online jarraitzeko aukera egongo dela.

Zentzu horretan, Plentziako EH Bilduko ordezkariek azaldu dute orain arte emandako pausoak ez dituztela publiko egin, "itxaropen faltsuak ez sortzeko edo modu oportunistan ez ulertzeko".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun