Elkarrizketak

Mercedes Etxegarai: "Plentzian, galdu ezin daitekeen urteroko Gabonetako ohitura da"

Ander Zarraga 2022ko abe. 20a, 08:00

Pertsonaia guztiak Plentziako eliz plazan elkartuko dira 19:00etan antzezpena egiteko. OLENTZERO ETA MARI DOMINGO BATZORDEA

Duela 41 urte hasi ziren Plentzian Olentzeroren etorrera ospatzeko antzezlana egiten. Kalejira txiki bat bezala hasi zen ekimena, urteakaz, asko hazi da, eta Mari Domingi eta beste hainbat pertsonaia gehitu zaizkio. Gaur egun, 120 parte hartzaile baino gehiago dituen ikuskizuna da, eta hiribilduko Gabonetako ezinbesteko ekitaldia da gazte zein nagusientzat. 

"Gutxika, euskal mitologiako pertsonaiak joan dira sartzen, eta aurten ere dantza eta pertsonaia berriren bat egongo da", aurreratu du antzezlanaren antolakuntza-lanen koordinazioan dabilen Mercedes Etxegaraik. Hala ere, argitu du antzezlanak aurreko urteetako ildo bera jarraituko duela. Gainera, aurten ez dute aurreko bi urteetan COVID-19ak eragin zituen buruhausteak izango; izan ere, 2021ean, lehen aldiz frontoian egin behar izan zuten antzezlana, edukiera kontrolatzeko.

Urtero, irailean hasten dituzte prestakuntza-lanak. Horietan dabiltzan kide guztiak boluntarioak direla azpimarratu du Etxegaraik: “Zortzi pertsonako talde bat gabiltza horretan, eta bakoitza ikuskizunaren atal batez arduratzen da: jantziak, dantzariak, hornitzaileak...”. Dioenez, urtez urte aktoreak aldatzen doaz, “adinaren arabera, nagusiak direnean berriak sartzen saiatzen gara, nahiz eta herri txikia izanik hautagai askorik ez izan”. 
Koordinatzaileak azpimarratu duenez, “herrian oso errotuta dagoen urteroko ohitura da, jende askok parte hartzen du eta herri guztia etortzen da ikustera. Kanpotik datorren jendearentzako ere berezia izan daiteke, beste herrietan normalean ez delako horrelakorik egiten; horregatik ere da hain berezia guretzat”.

Anbotoko Mari, Basajaun, artzainak, naturaren lau elementuak (ura, sua, haizea eta lurra), jentilak, sorginak, lamiak... Askotariko pertsonaiaz osatutako antzezlana abenduaren 24an bueltatuko da. 18:45etik aurrera, zubitik atera eta alde zaharreko kaleetan gora egingo dute Eliz plazan Olentzero eta Mari Domingiren etorrera handikiro ospatzeko.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun