Aurreko urrian, Plentzia-Gorlizko Danontzat gaztetxean auzolanean ari ziren kideak identifikatu eta bertatik atera zituzten. Hurrengo egunetan, gertaera hori salatzeko hainbat kartel jarri zituzten Plentziako kaleetan, eta, horretan ari zirela, Udaltzaingoak sei gazte identifikatu zituen. Bada egunotan heldu zaizkie jakinarazpenak, non adierazi diete bakoitzak 750 euroko isuna jaso duela kartelak itsasteagatik.
Gaztetxeko kideek neurria salatu dute, adieraziz beraien aburuz "ez dela kasualitatea desalojoaren hurrengo egunean hori gertatzea eta gaztetxearen aurkako eraso bezala ikusten dugu". Halaber, gaineratu dute, Udaltzaingoak identifikatu zituen arren, Plentziako gobernu-taldea izan dela salaketa tramitatzea erabaki duena, eta, horretarako, 2009an onartutako bizikidetza bermatzeko ordenantza aplikatu dietela, "Mozal Legea baino neurriz kanpoko zigorrak ezartzen dituena".
Horrez gain, deitoratu dute betidanik egon direla kartelak, "Udalak eta EAJ-k ere jarri dituzte kartelak baimenduta ez zeuden lekuetan, baina ordenantza hau aplikatzen duten lehen aldia da". Zentzu horretan, salatu dute "EAJ-ren estrategia bat dela eragile sozialen aurka joateko eta kalea mutu mantentzeko".
Halaber, 2022ko urrian egindako hustuketan, polizia-agenteek gune autogestionatuko bost kide identifikatu zituzten, eta Ertzaintzak desobedientzia larria egotzi zien, hala ere, oraindik zain daude ea Plentziako Udalak horregatik ere salaketa jarriko ote dien jakiteko.