Plentzian hainbat jarduera antolatu dituzte Emakumeen Nazioarte Eguna dela eta

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 09:15

Martxoaren 8ko Plentziako Udaleko elkarretaratzea, artxiboko irudian. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako Udalak eta Araldi Elkarteak hainbat antzezlan eta tailer bat antolatu dituzte martxoaren 7, 9 eta 10erako Goñi Portalen. Gaur, martxoaren 8an, 12:30ean, elkarretaratzea egingo da udaletxean eta adierazpen instituzionala irakurriko dute.

Aurten ere, Plentziako Udalak bat egingo du gaur, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunagaz, berdintasuna, parte-hartzea eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatzeko gizarteko esparru guztietan. Zentzu horretan, Araldi Elkarteagaz elkarlanean, hainbat ekintza antolatuko dituzte gaurko eta datozen egunetarako Plentziako Goñi Portalen egingo direnak.

“Herritarrak kontzientziatzeko eguna da aurtengoa, genero-desberdintasunaren arrakala murriztearen alde lan egiteak duen garrantziaz ohartarazteko. Tinko sinesten dugu emakumeek gizarteko estamentu guztietan parte hartzea eta lidergoa izatea ahalbidetuko duten politiketan, funtsezkoa baita 2030 Agendak ezartzen dituen Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko”, azaldu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Hasteko, gaur, martxoaren 8an, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute Plentziako udaletxean eta adierazpen instituzionala irakurriko dute. Horren ostean, Sorginen Alabak talde feministak manifestazioa egingo du 19:30ean portutik abiatuta.

Martxoaren 9an, 19:30ean, ¿Hablamos coño? Nuestro Yoni antzezlanaren txanda izango da. Even Enslerren baginako bakarrizketen egokitzapena da, zazpi emakumek antzeztua, eta emakumearen sexualitateari buruz hitz egiten da argi eta garbi. Sarrera librea izango da.

Amaitzeko, martxoaren 10ean, 19:00etan, Araldi Elkarteak No es fácil antzezlana antolatu du Behibis Teatro Antzerkiaren eskutik. Lanak Patriciaren istorioa kontatzen du, galderaz josita dagoen emakumea. Galdera horiek atzetik ditu eta gai horietan barrena bidaia bat egitera behartzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun