Erakusketa batek emango die hasiera Plasentia de Butron museoaren 25. urteurreneko jarduerei

Ander Zarraga 2023ko mar. 17a, 14:59
Elixabete Uribarri alkateak eta Arantxa Renteria museoaren presidenteak egin dute urteurreneko jardueren aurkezpena.

Plasentia de Butron museoak 25 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga hori behar bezala ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte hurrengo hilabeteetarako. Hasteko, museoak hiribilduaren historia eta itsasoagaz izan duen lotura laburbiltzen duten hainbat objektu eta istorioren Ahaztutako altxorrak  izeneko erakusketa aurkeztu dute gaur, baina, horrez gain, urtean zehar egingo dituzten beste hainbat jardueren berri ere eman dute. 

Plentzian, itsasoagaz lotura izan zuten hainbat herritarrek sortu zuten Plasentia de Butron Museoa 1998 urtean. Horrela, jendeak zituen hainbat objektu historiko bertan gortzen hasi ziren, gainontzeko herritarrek eta bisitariek ere hiribilduaren historia aberatsa ezagutzeko aukera izan zezaten. Urteakaz museoa herrira zabaltzen joan zen, eta azken urteotan historiaren hainbat profesional eta adituk parte hartu dute bere osaketan. 

Gaur, martxoak 17, mende laurden hori ospatzeko antolatu dituzten jardueren berri eman dute Arantxa Renteria museoko presidenteak eta Elixabete Uribarri Plentziako alkateak. Hasteko, museoak jasotzen duen ondare nautiko, sozial, kultural eta artistikoaren lagun bat plentziarrei eta bisitariei erakusteko Ahaztutako altxorrak aldi baterako erakusketa abiatu dute. Bertan, orain arte ikusi gabeko objektuak edo museoaren pieza baliotsuenetariko batzuk bildu dituzte XVI. mendeko Goinkale kaleko eraikinaren lehen solairuan.

“Butroeko Plansentia Museoa irekitzea mugarria izan zen Plentziako eta inguruko kultura-, gizarte- eta arte-bizitzarako, eta mende laurden honen ondoren, Uribe Kostako tokiko historiako museo bakar gisa finkatzea lortu du. Gure nortasunaz harro egoteko lekua da”, azaldu du Uribarrik gaur egin duten aurkezpenean.

Horregaz batera, Plasentia dibulgazio-aldizkariaren lehen alea ere aurkeztu dute. Sei hilabetero argitaratuko duten aldizkariaren helburua da museoko objektuen eta Plentziaren historiaren inguruko hainbat gairen dibulgazioa egitea da. Horretarako aditu eta zaleen ekarpenak bilduko dituztela azaldu du Renteriak.

Bisiten gorakada

Azken urteotako bisitarien kopuruari dagokionez, Plasentia de Butron museoak gorakada nabarmena izan duela azpimarratu dute gaurko aurkezpenean; izan ere 2022an 5.200 bisitari baino gehiago jaso zituzten, pandemiaren aurreko marka guztiak hautsiz, eta aurten kopuru hori gainditzea aurreikusten dutela aurreratu du museoko arduradunak. 

Halaber, plentziarrei museora joatera animatzeko, museoak eta Udalak gonbidapen berezia egingo diete etxeetan jasoko duten sarrera sinboliko bategaz. Aurreratu dutenez, hori aurkeztuta sarrera doakoa izango da eta bertan trukatuz gero, 25. urteurrenarenagatik ospakizun-opari berezia ere jasoko dute.

Programazioa

"Gure historiak mendeetan zehar ezkutatu dituen altxor guztiak ezagutu barik inor ez geratzea gura dugu, hiriak itsasoarekin duen harremanaz gain, beste gai interesgarri eta bizitzaz betetako batzuk ezagutzeko. Prestatu dugun programazioak bizitzaz beteko ditu Plentziako kaleak”, adierazi du museoko presidenteak.

Zentzu horretan, Plentziako Udalak eta Plasentia de Butron museoak urte osoan zehar garatuko diren jarduerak ere aurreratu dituzte gaur; halaber, urtero zale zein adituentzako galdu ezineko hitzorduak ere mantenduko dituztela iragarri dute. 

Honako hau da 2023rako prestatu duten programazioa:

  • Aste Santua: gaikako bisita gidatuak alde zaharrean zehar. Informazioa eskatzeko eta erreserbak egiteko, museoagaz jarri behar da harremanetan: contacto@museoplentzia.org helbidera idatziz, 946 773 725 telefono-zenbakira deituz (museoa irekitzen den egunetan bakarrik) edo Plentziako Turismo Bulegoaren bitartez: turismo@plentzia.eus / 946 774 199)
  • Maiatzak 20: jende guztiarentzako jarduerak egun osoan museoan bertan. 25. urteurreneko ospakizunen egun nagusia izango da, maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Eguna dela eta.
  • Uztailaren 10etik 14ra: Uribe Kostako XV. Historia Jardunaldiak.
  • Uztailak 31: umeentzako jarduerak: ontzitxoak eraikitzea, marinelen korapiloak, urmael bat…
  • Abuztua: Kantauriko Itsas Kulturaren V. Kongresua.
  • Urria: Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete osoan zehar antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldiak.
  • Urriak 5: Plentziaren 724. urteurrenarekin bat datozen jarduerak.
  • 2023 osoan zehar: taldeentzako bisita gidatuak Ahaztutako altxorrak erakusketara eta Udal Artxibo Historikora, harremanetan jarriz contacto@museoplentzia.org helbidearen edo 946 773 725 telefono-zenbakiaren boitartez (museoa irekitzen den egunetan bakarrik).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun