Elkarrizketak

Bibiana Bakana: "Nire pertsonaiak beti dira apur bat txoniak"

Julen Nafarrate 2023ko mar. 31a, 11:30

Bibiana Bakana, katu-txoniaz jantzita.

Apirilaren 16an ospatuko dute Bilboko Dragalada txapelketa. Bertan lehiatuko da Bibiana Bakana trabesti plentziarra, finalaurrekoa irabazi ostean.

Katuz jantzita heldu zaigu Bibiana Bakana Plentziako portura elkarrizketara. Hori bai, ez da edozein katu: "Katu txoni bat naiz. Bueno, egia esan, nire pertsonaia guztiak dira apur bat txoniak". 26 urteko gazte plentziarra iaz hasi zen trabesti ikuskizunetan parte hartzen: "18 urtegaz hasi nintzen trabestitzen etxean eta lagunartean, baina orain kalera ere ateratzen dut".

Hasiberria den arren, Bilboko Dragalada txapelketaren finalaurrekoa irabazi du, eta apirilaren 16an izango du finala. Ikuskizunean ez zuen Lady Gaga edo Britney Spears bezalako abeslarien kantarik erabili: "Ingelesezko abestiekin ez naiz identifikatzen". Pirritx eta Porrotxen abesti bat erabili zuen: "Barregarria iruditu zitzaidan. Euskaraldiko abestia jarri nuen, baina ahobizi eta belarriprest kontzeptuei zentzua apur bat aldatuta...". Umorea eta parodia dira Bibianarentzat gakoa: "Abesti bi sortu ditut, Spotifyn entzun daitezke: La clave del wifi, wifiaren pasahitz zailei buruzkoa, eta Viva la manga, mozkorraldiei omenaldia egiteko".

Momentuz zaletasun hutsa bada ere, etorkizunean honetaz lan egitea gustatuko litzaioke: "Ondo pasatzen dut. Gainera, Dragaladak ate batzuk zabaldu dizkit. Bartzelonan ikuskizuna izango dut, adibidez". Final handirako ezustekoren bat prestatzen ari da: "La Otxoaren abestiren bat moldatu nahi dut". Bi ordu eta erdi behar izan ditu Bibianak gaur katu-txonia gorpuzteko: "Eta hori ez da ezer! Gaur arin egin dut, normalean hiru ordu baino gehiago behar izaten dut, atera kontuak". Drag-queen baino, nahiago du trabesti deitzea: "Bestea profesionalegia da niretzat". Bibiana sorpresa hutsa da, janzten den aldiro pertsonai ezberdin batean bihurtzea gustatzen baitzaio. Ez dago jakiterik nola agertuko den: "Nire inspirazioa kaleko jendea da: emakume zahar bat leopardoz jantzita, fatxa bat, diskotekeroa, Peppa Pig... baina dena oso txonia, hori bai". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun