Hasteko, zapatuko jarduerak 11:00etan abiatuko dituzte rally historiko bategaz. Horretan, parte hartzen dutenek Martin de Plasencia kapitainaren abenturak ezagutzeko aukera izango dute, eta, hainbat froga historiko arakatuz, bere altxorra ezkutatu zuen tokia aurkitu beharko dute saririk onenak jaso ahal izateko.
Arratsaldean, 18:00etan ekingo diote programazioari museoa kalera ateraz. Horretarako, Plentziako Udaleko pintura-bildumako hainbat artelan erakusgai jarriko dituzte, artearen bidez hiribilduaren ibilbide historiko bat egiteko. Era berean, ordu horretan museoaren alde ezkutuak ezagutzeko bisita gidatuak ere hasiko dituzte. Horietan, museoko biltegia eta Plentziako Udal Artxibo Historikoa ezagutzeko aukera egongo da. Lau txanda egingo dituzte eta bisitetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da museoan bertan edo turismo bulegoan.
Iluntzean, 22:00etan, ikuskizun harrigarrien txanda izango da, dantza bertikala eta bideomapping emanaldia egingo baitituzte eliz enparantzan.
Bukatzeko, 23:00etan, museoak bere ateak zabalik izango ditu hiribilduko itsasgizonen eta bitxikerien inguruko istorioakaz gozatu gura dutenentzako. Emanaldiak elebidunak izango dira: 23:30ean euskaraz eta 23:00etan eta 24:00etan gazteleraz; horietara joateko ere aldez aurretik izena eman beharko da.
Urte osoan zehar
Jarduera horiez gain, urte osoan zehar beste hainbat ekintza ari dira egiten museoak urtero antolatzen dituenak eta bereziki urteurrenerako antolatu dituztenak. Besteak beste, uztailean Uribe Kostako XV. Historia Jardunaldiak egingo dituzte eta, urte osoan zehar, taldeentzako bisita gidatuak egiten ari dira Ahaztutako altxorrak erakusketara eta Udal Artxibo Historikora.