Elixabete Uribarri, EAJ: "Proiektu serio eta errealista dugu plentziarrak kezkatzen dituzten proiektuei erantzuteko"

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 17:56

Elixabete Uribarri, Plentziako EAJko alkategaia. © PLENTZIAKO EAJ

Plentziarren ardurei erantzunak emateko oinak lurrean dituen eta uriko auzoetatik gertu dauden pertsonez osatutako lan-taldea duela azpimarratu du Elixabete Uribarri EAJko Plentziako alkategaiak. Kargua errepikatzeko asmoagaz aurkeztuko da Uribarri, hiribilduak dituen hainbat erronka eta proiektu aurrera ateratzeko helburuagaz, hala nola Arpillaoko lokalak, auzoen arteko garraio-zerbitzua, Isuzkitza auzuneko sarbidea edo itsasadarraren kudeaketa. 

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Udal hurbilago bat izateko lan egingo dugu, herritarrentzako zerbitzu hobeak eta eremu publiko berritu zein garbiagoak eskainiko dituena. Adin guztientzako jardueraz eta zerbitzuez betetako uri bat, baloreak dituen herria eta urtean zehar enpresei eta elkarteei laguntzen jarraituko duena. Hori guztia, Plentziako auzoak bertatik bertara ezagutzen dituzten pertsona konprometituekin, profil profesional desberdinez osatutako taldearekin. 

Zeintzuk dira zuen ustez Plentziak dituen arazo nagusiak?

Arazoak baizik, erronka garrantzitsu batzuk dituela esango nuke. Zalantzarik gabe, Arpillaok funtsezko garrantzia du herriaren garapen sozioekonomikorako, baina azken agintaldietan ez da modu egokian jorratu, eta horregatik, 2019an EH Bilduko udal-gobernuak eskatutako txostenak eraikinaren guneak ixtea eskatu zuen. EAJ-PNVk honen ondorioz, bideragarritasun-azterketa zorrotza egin du azken bi urteetan, arkitektura-estudio espezializatu bati eskatua, eta beharrezko administrazio-kudeaketak egin ditu 2024tik aurrera proiektu berri bat herriko eragile eta herritarrekin batera diseinatzeko asmoz.  

Bestelako erronkak baditugu, Isuskiza Plentziako auzoa izanda, beharrezkoa duen errepidearen konponketa eta auzoen arteko garraioa martxan jarri beharra dugu hurrengo hilabeteetan, pasadan urtetik hona egindako aurretiko-estudio eta kontratazio prozesua definituta dagoelarik.

Eta, besteak beste, kale-garbiketa eta zabor-bilketa zerbitzua, aurreko aginduetatik, ez da nahikoa moldatu gure udalerriak dituen beharretarako, eta, nahiz eta zerbitzuaren ezaugarri berriak definitu ditugun, oraindik kontratazioa esleitu beharra dago datorren asteetan, errealitatea bihurtzeko.  

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Erronka horiei eta herriak behar duen aldaketa sendotzeko, hurrengo 10 proiektuak martxan jarri nahi ditugu:

  1. Auzoetan entzuten eta jarduten jarraituko dugu, sakonera txikiko eta ertaineko hobekuntzekin, eta lehen aurrekontu parte-hartzaileak 2024an bultzatuko ditugu.
  2. PlentziaBus eta Auzotaxi zerbitzuak auzoentzako martxan jarriko dugu eta Isuskizarako errepidea hobetzeko obra-proiektua jarriko dugu abian.
  3. Plentzia justuagoa eta solidarioagoa bultzatuko dugu, arreta adinekoengan jarriz eta gazteek eta haurrek ikasteko eta aisialdiaz gozatzeko espazioak irabaziz.
  4. Kaleetan mantentze-lanak eta obrak egiten jarraituko dugu eta herrian garbiketa eta zaborrak biltzeko zerbitzua kontratu berrien bidez indartuko dugu.
  5. Arpillaok proiektu errealista eta bermeduna behar du, plentziarren beharrei erantzungo diena, prozesu parte-hartzaile batekin bere etorkizuna diseinatzeko.
  6. Turismoa eta merkataritza, enplegua eta ongizatea sortzeko iturri nagusia, eta garapen ekonomikoaren alde jarraituko dugu, azken lau urteetan bezala.
  7. Plentzian administrazio publikoa modernizatzeko prozesu bat egingo dugu, plentziarrek beren egunerokoan eskatzen dutenari erantzuteko.
  8. Herria kultur jardueraz betetzeko apustua egiten dugu, non kirola eta euskara gazteen eta helduen artean baloreak transmititzeko tresnak izango diren.
  9. Udaltzaingo hurbila eta kalean dagoena eta are gehiago udan, plentziarrek gehiago behar baitute udal-zerbitzu hauxe.
  10. Herritarrekin partekatutako proiektu bat izatea itsasontziak eta itsasadarraren kudeaketa berrantolatzeko, garbitasuna bermatuz eta uretako jarduerak bultzatuz.
Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?

Akordioa oinarrizkoa da, eta egonkortasuna, gehiengo absoluturik ez badago, desberdinen arteko itunen bidez lortzen da, guztien onerako.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Gure taldea eta proiektua, lau urte gehiago energia berrituekin Plentzian aldaketa sendotzeko apustua da. Proiektu serio eta errealista dugu plentziarrak kezkatzen dituzten proiektuei erantzuteko. Plentziarako proiektua, oinak lurrean dituena eta uriko auzoetatik gertu dauden eta sentsibilitate ezberdinak dituzten pertsonez osatutako talde batekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun