Barikuan hasiko dituzte Iturgitxi kalea asfaltatzeko lanak

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 18:32

Bihar, maiatzak 19, Iturgitxi kalea itxita egongo da 07:30etik aurrera. © PLENTZIAKO UDALA

Daborduko Saratxagan edukiontzietarako guneak berritu dituzte eta bihar, maiatzak 19, Iturgitxi kalea itxita egongo da asfaltatze-lanak hasiko baitituzte. Gainera, lan horiekaz mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku bat ere egokituko dute.

Plentziako Udalak aurrera jarraitzen du hiribilduko auzoak egokitzeko Auzoekin Bat programagaz. Oraingoan, Saratxaga auzoan eta Portu aldean egingo dituzte esku-hartzeak. “Benetako ekintza-plan bat dugu esku artean, lanean jarraitzeko eta bizilagunek eskatzen dizkiguten beharrei aurre egiteko. Azken egunotan jarduketa bat amaitu dugu Saratxagan, eta Iturgitxi kalea asfaltatuko da bihar, ostirala, aurpegi-garbiketa behar zuen eta. Auzo gehiago daude, eta pixkanaka-pixkanaka udal-programa honetan proposatutako esku-hartzeak gauzatuko ditugu”, azaldu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Saratxagako kasuan, amaitu dituzte edukiontzien guneak egokitzeko eta berritzeko lanak, erabiltzaileek sarbide eta erabilera hobea izan dezaten. Portu inguruan, bihar, barikua, Iturgitxi kalea asfaltatuko dute, gero margozteko. Horren ondorioz, 07:30etik aurrera kalea itxi egongo da ibilgailuentzat. Ezin izango da ez sartu ez irten garajeetatik, ezta kalean aparkatu ere.

Aldez aurretik, Udalak kale berean dauden kutxetak ere berritu dituela jakinarazi du. Gainera, berrikuntza gisa, Udalak mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku bat ere egokituko du bidean.

Auzoak hobetzeko Auzoekin Bat ekintza-plana 2022ko ekainean hasi zen, plentziarren artean entzute aktiboko prozesuagaz. Ekarpen guztiak jaso, baloratu eta aztertu ondoren, Plentziako Udalak hartutako konpromisoak jasotzen zituen ekintza-plana prestatu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun