Igor Garcia de la Torre, Isuskitzako Hautesle Elkartea: "Eskatzen ditugun gauza gehienak beharrezkoak dira, eta orain arte inork ez ditu egin izan nahi"

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 12:13

Igor Garcia de la Torre, Isuskitzako Hautesle Elkarteko bigarrena. © IGOR GARCIA DE LA TORRE

Plentziako Isuskitza auzuneko errealitatea hiribilduko Udalean mahai-gainean jartzeko asmoz, bertako auzokide batzuk batu eta Isuskitzako Hautesle Elkartea osatu dute. Miren Nekane Oraa da zerrendako alkategaia, eta horren ostean dago Igor Garcia de la Torre. Azken horregaz berba egiteko aukera izan dugu, eta, esan digunez, maiatzaren 28ko hitzordua heltzeko irrikan daude, Udalean haien eskaerak lehen lerroan jarri ahal izateko.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Azkar eta erraz esanda, lau puntu:

  • Plentziako auzo bat gara, eta auzo bezala, legeak eskainitako zerbitzuak nahi ditugu.
  • Gure auzoaren sarbideen mantentzea, auzitegiek agindu duten bezala.
  • Plentziako erdigunera heltzeko diseinatuta dagoen bidea martxan jartzea.
  • Auzoen arteko garraio kolektiboa ezartzea.
Zeintzuk dira zuen ustez Plentziak dituen arazo nagusiak?

Guk gure auzoan dauzkagun arazoak nabarmentzen ditugu batez ere. Gure programa horretan datza. Badakigu beste arazo asko daudela herriaren erdialdean, baina beste alderdi politikoen programak horretaz daude beteta, eta beraiekin bat egingo dugu konpontzen laguntzeko.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Gure programa osoa herri hobe bat lortzeko abiapuntua da. Gainera, eskatzen ditugun gauzak ez ditu Udalak ordaintzen. Ez dugu gauza arrarorik eskatzen, guztia egin daiteke borondate pixka batekin.

Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?

Bai, noski! Guztiekin lan egiteko prest gaude.

Zergatik eman zuei botoa eta ez beste hautagai bati?

Eskatzen ditugun gauza gehienak beharrezkoak dira, eta orain arte inork ez ditu egin izan nahi. Gure programako puntu gehienak herritar guztientzako onuragarriak dira, ez bakarrik gure auzoarentzat. Azken urte hauetan egon direnek ez dute ezer egin gure auzoaren alde, eta horregatik batu gara auzokideen elkarte batean. Ez da erraza izan, baina Udalean gure ikuspegia azaltzeko irrikan gaude, eta lanean hasteko ere!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun