Plentziako koktelaren historia

Ricardo Frances: "Koktel originalak ez zeraman izozkirik eta Madalena jaietan hartzeko sortu zuten"

Ander Zarraga 2023ko uzt. 20a, 09:36

Ricardo Frances, bere aitonak, bere aitak eta berak ere koktelak egiteko erabili duten koketelera eskuetan duela.

Koktelen eguna Plentziako Madalena eta San Antolin jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Hiribilduko ospakizun bietan kaleak jendez bete eta goizetik giro ederra sortzen da edari hori dastatzera doan jendetzagaz. Baina zein da koktelaren jatorria, eta, are garrantzitsuago, zeintzuk dira bere osagaiak?

Ricardo Frances plentziarrak ditu galdera horien erantzunak; izan ere, edari hori bere aitak asmatu zuela dio. "Nire aita Cabo San Roque bidaiari-ontziko tabernaria izan zen eta berak koktel asko egiten zituen transatlantiko horretan bidaiatzen zirenentzat". Halaxe hasi du bere izen bera zuen aitaren historia kontatzen. "Dena 1957an hasi zen, nire aita Kasinoan lagun batzuekaz zegoela: Jose Maria Unibaso, Juan Urbieta, Emilio Ibargurengoitia eta Tomas Laurodogoitia, beste hainbat plentziar ezagun batzuen artean. Ez ziren jaiak ez ezer, baina nire aitak koktel batzuk prestatu zizkien dasta zitzaten. Horietako bat hainbeste gustatu zitzaien, Madalena Egunean hori edango zutela erabaki zutela". Jaietan edari hori hartzeko ohitura hortik hasi zen, beraz.

Ordutik, edari hura jaietan edatea herritarren artean zabaltzen joan zen, eta gaur egun taberna guztietan zerbitzatzen dute Madalena Egunean eta San Antolin jaietan. Hala ere, Francesek dioenez, "hasieran, Madalena Egunean besterik ez zen edaten, baina hori aldatzen joan denez, sanantolinetan ere hartzen da hemen".

Errezeta originala. Ricardo Frances aitak bere koktela egiteko osagai hauek erabili zituela kontatu du bere semeak: koktelerako hiru laurden bete bermut, koñak kopa bat, ginebra kopa bat eta arrautza gorringo bat, koktelera izotzagaz ondo bete eta ondo nahasi. "Hori da nire aitak Kasinoan lagunei prestatu zien koktela", azpimarratu du. Gero, edaria zabaltzen joan zenean, Palas Hotelean bainila izozkia ere erantsi ziotela dio; izan ere, bere aitak sortutako koktela nahiko "lehorra" zela aitortzen du. "Palasekoek izozkia erantsi zioten eta, arrakasta izan zuenez, herriko beste tabernek ere kopiatu egin zioten. Hala ere, gaur egun egiten duten koktela oso ezberdina da, desitxuratu egin da, izozkia eta bestelako osagaiak jartzen baitizkiote.  Gainera, kopuru handian egiten dutenez, ezin dute kokteleran banan-banan egin, beraz, emaitza nahiko ezberdina da". Dioenez, nahiago du koktel originala, "orain egiten dutenari izozkia jartzen diotenez, gozoegi geratzen da; agian, bestea, originala, oso fuertea litzateke gazteentzako eta ohituta ez dagoen jendearentzako".

Francesek bere aitak eta horren aurretik bere aitonak erabili zuten koktelera ere ekarri du gogora elkarrizketan: "Koktelera honek 100 urte baino gehiago ditu, nire aitaren aitarena izan baitzen. Gero, nik Pauli taberna ere izan nuen eta koktelera bera erabiltzen nuen jaiotako koktelak prestatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun