Azken hilabetean udal interesen aurkako bi epai jaso dituela salatu du Plentziako gobernu-talde berriak. Lehenengo epaiari dagokionez, kale-garbiketako enpresak Udalaren aurkako epaiketa abiatu du aldi baterako lan-erregulazioa ere aurkeztuz. Halaber, gobernu-talde berriak adierazi du udal erakundeari zerbitzuak eskaintzen dizkioten enpresa batzuek ez dutela kontraturik indarrean, eta, gainera, enpresek edo partikularrek modu erregularrean fakturatutako beste hainbeste zerbitzuk ez dutela inoiz kontratu-harremanik izan Udalagaz. "Lehenengo epaia familia plentziar batek 67/2021 epaiaren aurka jarritako apelazio errekurtsoari buruzkoa da. Gertakari horiek 2000ko urtarrilaren 26koak dira, orduko alkate Nicolás Oñatek (EAJ) T.T.U. jaunagaz hirigintza-hitzarmena sinatu zuenekoa", adierazi du Aitor Garagarza alkateak. Epaiaren ebazpenean zehazten da Udalak ez duela bete hitzarmenaren lehenengo estipulazioan hitzartutakoa, eta, hortaz, 243.308 euroko kalte-ordaina eman behar dio eragindako familiari. Kantitate horri gehitu behar zaizkio gorako berandutze-interesak, beraz, orotara ia 300.000 euroko kalte-ordaina da.
Udalak jasotako bigarren epaiari dagokionez, 106/2023 zenbakiduna, Arpillaoko eraikinaren auziari lotuta dagoela azaldu du gobernu-taldeak: "Udala kondenatzen du Arpillaoko aparkalekuan konponketa-lanak egitera, gaur egun zaharkituta dagoen eta eraikinaren segurtasuna bermatzen ez duen proiektu bati lotuta. Gainera, auto judizialak baliogabetu eta ondoriorik gabe uzten du orduko alkateak, Elixabete Uribarri Uriartek (EAJ), errekurritutako ebazpena".
Horrenbestez, bide-garbiketako zerbitzuaren harira, deitoratu du enpresak "behin eta berriz" urratu duela kontratua, eta, hala eta guztiz ere, kontratua luzatu zitzaiola legeak baimentzen duen arte: "Enpresak luzapen hori baliogabetzeko eskatu zuen. Elixabete Uribarri Uriarte alkateak, 2023ko martxoaren 28an, eskaera gaitzetsi zuen, eta enpresak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen dekretu horren aurka".
Halaber, jakinarazi du zerbitzu hori eskaintzen duen enpresak ERTE bat aurkeztu berri duela langileengan eragin "zuzena" edukiz: "Oso egoera larrian gaude. Praktikan horrek esan nahi du zerbitzu hori jasotzeari utziko diogula udan eta jaietan, biztanleria nabarmen handituko den garai honetan".
Horrez gain, nabarmendu dute Udalarentzat "funtsezkoak" diren zerbitzuak eskaintzen dituzten hainbat enpresa kontraturik gabe daudela. Horien artean, azpimarratu dute hondakinak biltzen dituen enpresa eta telefonia-enpresa hiru urte baino gehiago daramatzatela Udalagaz inongo kontratu-harremanik izan gabe.
Hala, Udaleko barne-egoera ikusita, gobernu-talde berriak neurri bereziak hartzeko aukera komunikatu du: "Barne-mailan garatzen ari garen ekintzez gain, etete-eragozpenak esaterako (Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 154. artikulua) , ez dugu baztertzen beste neurri mota batzuk hartzea. Hala nola Herri Kontuen Euskal Epaitegira jotzea edo kanpo-auditoria bat egitea".
View this post on Instagram