Oposizioan egotetik, aginte-makila eskuratzera igaro da zure taldea. Zer sentimendu dituzu alkate gisa izendatu ostean?
Alkate moduan, niretzako ardura handia da eta, momentuz, gustura nago, baina egia da oraindik fase berri honetara egokitzen ari garela; hala ere, nahiko azkar egiten ari garela esango nuke.
Zeintzuk aurreikuspen dituzu hurrengo lau urteetara begira?
Oraindik egoeraren argazki orokor bat egiten ari gara. Adibidez, Udalaren barne-antolaketa aztertzen ari gara hori hobetzeko helburuarekin; udal-instalazioen egoera ere nolakoa den ari gara ebaluatzen, hor ere hainbat eskari daudelako eta eraikin batzuen egoera ere nahiko kaskarra delako, ez bakarrik Arpillao. Azken finean, guk gastuetarako daukagun aukera minimoa da, eta hori nola kudeatu ondo aztertu behar dugu, horregatik gaude arlo guztien argazki orokor bat egiten. Aztertzen ari garen beste kontuetako bat da adibidez Plentziako etxebizitzaren egoera. Gure asmoa baita gobernu-plan bat ateratzea lau urterako, gobernu-planetik harago joango dena.
Momentuz, bakoitza bere arloan zer dagoen ari gara aztertzen, eta asmoa da egitea gobernu-plan bat, bai udal-antolaketari dagokionez, bai etxebizitza eta kontu sozialei dagokienez, baita udal-eraikinen egoeraren inguruan ere. Horrez gain, hartuko ditugun erabakiak ere partekatu nahi ditugu inplikatuta dauden pertsona edo taldeekin.
Aurrerapausorik eman al da Arpillaoren inguruan?
Bai, aurrerapauso batzuk eman ditugu. Alde batetik, lokaletako taldeek eskatzen zuten horien ikuskapen indibiduala egitea eta hori egiteko agindua emanda eta aurrekontua bideratuta dago; irailaren hasierarako emaitzak izatea aurreikusten dugu. Txosten horretan lokal bakoitzaren egoera zehatza jakingo dugu eta, horren arabera, lokalak irekitzeko zer nolako esku-hartzea egin beharko ditugun aztertuko dugu.
Beste aldetik, aparkalekuan plazak esleituta dituztenekin ere bilera bat izan genuen, baina sententziaren zain gaude, beraiek epaitegietara jo zutelako, eta horren arabera ebaluatuko dugu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak. Sintonia ona egon zen beraiekin, baina Arpillaok dituen arazoekin eta Plentziako Udalak dituen mugekin oso ondo aztertu behar dugu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak, ezin baitugu dirua edonola xahutu.
Oro har, sentsazioak onak izan dira, eta Arpillaoren inguruan aste batean hainbat erabaki hartu dira, azken hiru urteetan gertatu ez dena, eta zentzu horretan alde guztiak pozik daudela esango nuke.
Espero zenuten hauteskundeetan gehiengo absolutua eskuratzea?
Gure helburua sei zinegotzi eskuratzea zen, eta hori esan genuen egin genuen azken ekitaldian, baina geratu ginen zazpigarren aulkia lortzetik 40 boto eskasetara. Horrez gain, esan behar dut maila pertsonalean, lagun artean, kiniela nik asmatu nuela, kar kar kar. Hala ere, bageneuzkan ziurgabetasun batzuk ere, Isuskitzan zer gertatuko zen ez genekielako, besteak beste. Alderdi berria dira eta ez genekien zein puntutara arte eragingo zuen edo ez. Halaber, bagenekien EAJren hekatonbea nahiko handia izango zela, baina ez genekien herritarrek zein puntutaraino zigortuko zuten EAJ.
Nolakoa izango da oposizioko talde horiekaz harremana?
Hasteko, gobernuan sartu baino lehenago haiekin batu ginen eta esan genien zeintzuk izango ziren gure asmoak; adibidez, Udalaren osaketari begira, eta hori ez zen duela lau urte gertatu. Uste dugu alderdien arteko harremanak hobetu behar direla, antagonismoak ere egongo dira, baina gauzak beste modu batera egitea da gure helburua eta horregatik informazioa ere emango diegu beraiei.
Zeintzuk dira udalerriak dituen erronka nagusiak eta zeintzuk izango dira horiei heltzeko zure estrategiak?
Erronka asko ditugu, baina horietako bat aipatzearren nik Arpillaokoa azpimarratuko nuke. Horrez gain, Jai Alai frontoiko arazoa ere bideratu beharra dago: eraikina egin zenean zati bat Itsas- eta Lur-eremu Publikoan geratu zen eta duela bi agintaldi, EH Bildu gobernuan egon zenean, Jai Alairi beste erabilera bat emateko proiektua aurkeztu zuen Udalak. Eraikina oso handia da, udalerriko handiena, eta bere erabilera oso eskasa da, beraz, teilatua konpontzeaz gain, beste erabilera batzuk ere aztertu nahi ditugu. Horretarako baimenak eskatu zirenean, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak esan zuen hori legalizatu beharra zegoela, hau da ilegalki eraiki zela. Horretarako lur eremu bat trukatu dugu, eta geldituta zegoen proiektua martxan jarri ahal izango dugu, eraikin horretan hainbat kontu egin ahal izateko, frontoia mantenduz, noski.
Horrez gain, trantsizio energetikoan ere hainbat erronka ditugu. Besteak beste, Plentziako eskolan eguzki-plakak jarri zituzten duela zortzi urte, baina inoiz ez dira egon funtzionatzen, eta uste dugu apurtuta daudela. Hori ere aztertuko dugu eta dauden diru-laguntzen bitartez hainbat eguzki-plaka jarri nahiko genituzke beste eraikin batzuetan. Beste erronka bat da trantsizio ekologikoa eta herria horretarako prestatzea.
Maila sozialean etxebizitzarekin dugun arazoari ere heldu nahi diogu, euskal kostalde osoari eragiten dion auzia delako. Guk uste dugu saretze bat egon behar dela euskal kostaldeko herrien artean, eta, hasteko, uste dugu gure herriak zona tentsionatuak izendatu beharko genituzkeela. Zentzu horretan Madrilekiko izugarrizko dependentzia daukagu eta horrek faktura pasatuko digu, eta beste arrazoi askoren artean, horren inguruan guk erabakiak hartzeko ere eskatzen dugu independentzia, hau da, etxebizitza politika propioak egin ahal izateko, besteak beste.
Nola sustatu gura duzu herritarren parte-hartzea eta gardentasuna udal-gobernuaren erabakietan?
Hasteko ezarri ditugu alkatearekin hitzorduak arratsaldeetan, asteazkenetan 15:00etatik 19:00etara, eta Udalaren osoko bilkurak ere arratsaldean egiten hasiko gara berriro. Aurreko astean herritarrekin lehen hitzorduak izan genituen eta hurrengo asteetarako ere beste batzuk ditugu. Horrez gain, urrian eta irailean ere auzoetatik pasatzea da asmoa, bertako bizilagunen behar-izanak ezagutzeko. Bestalde, herritarrek eskatzen dituzten espedienteak eta informazioa ere eskuratu dezaten ere lan egingo dugu, orain arte gertatu ez dena; azken lau urteetan herritarrek egindako hainbat eskariri ez zaie erantzunik eman eta guk hori ere aldatu nahi dugu, herritar asko, taldeak eta gu ere horregatik askotan kexatu baikara. Gainera, herriko kirol-elkarteekin ere bilerak izan ditugu eta herriko talde feministarekin ere batu gara udako protokoloa adosteko eta urriko grebari begira zein pauso eman daitezkeen aztertzeko.
Zein da zure jarrera ingurumenari dagokionez eta zein dira udalerrian jasangarritasuna sustatzeko ezarri gura dituzun ekintzak?
Ingurumenari begira, Euskal Kirol Portuak erakundearekin bilera eskatu dugu itsasadarraren berrantolaketaren inguruan berba egiteko. Horrez gain, zaborrarekin ere izugarrizko arazoa dugu Plentzian, batetik, zaborraren bilketari dagokionez, eta, bestetik, Alde Zaharrean edukiontzi guztiak dispertsatuta daudelako, horren ondorioz birziklapen-tasa oso txikia da Plentzian. Hori aztertzen hasi gara eta hondakinen kudeaketa hobetzeko helburua daukagu.
Beste atal oso garrantzitsua da Isuskitzako Herri Lurrak Elkarteak daraman proiektua. Beraiekin bilduko gara, izan ere dazukaten proiektuetan eskola, institutua eta Plentziako Itsas Estazioa sartuta daude eta Udala ere egitasmoaren parte aktiboa izan behar dela uste dugu. Horiez gain beste hainbat proiektu ditugu Plentziako ingurumenaren berreskurapena eta zaintzearen inguruan.