Plentziako Udalak bere egitasmoen berri emateko herritarrentzako bilera informatiboak egingo ditu

Ander Zarraga 2023ko urr. 16a, 10:44

Saratxaga auzoko sarbidea berritzeko proiektua aurkeztuz hasiko dituzte herritarrakaz egingo dituzten bilerak. © GOOGLE

Urrian zehar, gobernu-taldeak bilerak antolatuko ditu plentziarrakaz udalerriak dituen aparkaleku-arazoei irtenbide bat bilatzeko eta Saratxagako errepidean eta metro-geltokiaren inguruan egin gura dituen urbanizazio-proiektuen berri emateko.

Lehen deialdia urriaren 19an izango da, Arriolagane sagardotegian, 17:30ean. Bilera informatibo horretan, gobernu-taldeak Saratxaga auzoko sarbidea egokitzeko egitasmoa azalduko du. Aitor Garagarza Plentziako alkateak iragarri duenez, beraien asmoa da Aldundiaren errepide hori urbanizatzea eta eskuineko aldean espaloia egitea. Aldez aurretik, alkateak adierazi du proiektua gauzatzeko desjabetuak izango diren herritarrakaz ere batuko direla.

Metro-inguruko eremua berrantolatzeko proiektua azaltzeko bigarren hitzordua urriaren 23an izango da, 18:30ean, Plentziako eskolan. Zubia, Txipio auzoko sarbidea eta metro-geltokia dauden eremua egokitzeko proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago oraindik, eta gobernu-taldeak horren inguruko informazio zehatza helarazteko baliatu gura du aurkezpena. 

Azkenik, Plentziak duen aparkaleku-arazoari irtenbide bat bilatzeko kontsulta egingo dute urriaren 26an, 18:30ean, Goñi Portalen. Garagazak adierazi du OTA bezalako sistema bat jartzea baztertu dutela, herrian oso aparkaleku gutxi dagoelako. "Erroldatuentzako, uda pasatzera datozenentzako eta gainontzekoentzako sistema izan daiteke, baina oraindik zehazteke dago eta baliteke hurrengo udan oraindino prest ez izatea. Horretarako, Deba, Mundaka edo Zumaia bezalako sistemak ari gara aztertzen".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun