Hasteko, euskara ikasi eta praktikatu gura dutenei erraztasunak jarriko dizkietela azaldu dute. Batetik, euskara ikasteko laguntzak indartuko dituzte eta inguruko euskaltegiakaz harremana estutuko dute laguntza horiek bermatzeko. Bestetik, Euskaltegietako ohiko ikastaroak bultzatzeaz gain, Udalak sektoreen araberako ikastaro edo formazio zehatzak ere eskaini gura ditu, eta euskara indartzeko saioak ere bultzatuko dituzte behar dutenentzako. Gainera, Plentzian Berbalaguna edo Mintzodromoa bezalako ekimen jendetsuak ere bultzatu gura dituzte, euskararen ikaskuntza ez dadila geletara soilik mugatu eta praktikatzeko egitasmoei indarra emateko.
Aisialdiari dagokionez, Plentziako Udalak aurkeztutako egitasmoan kultur agenda berreskuratzea, gaztetxoentzako kulturazko eta aisialdiko ekintzak euskaraz proposatzea eta gazte-helduentzako euskarazko kultur jardueren aukerak sustatu gura dituzte.
Udalerriko kirol-taldeek ere indar handia dute herritarren eguneroko bizitzan, beraz, horietan ere eragin gura dute, bai eskola kirola mailan, baita gainontzeko klubetan ere. Egitasmo horiek gauzatzeko, Plentziako Udalak ezarritako erronkak dira klubetako politika-irizpideetan euskara txertatzea, barne- eta kanpo-komunikazioetan euskara bermatzea eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko aukera eta formazioak eskaintzea entrenatzaileei eta begiraleei. Horretarako, besteak beste, herriko kirol-klubakaz hitzarmenak adostu gura dituzte, euskara erabilera indartzeko formazioa eskaintzeko eta kirol-jardueren jarraipen eta behatze prozesua etengabea ere aurreikusi dute.
Lan-mundua euskalduntzen
Plentziako merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan euskararen presentzia areagotzeko helburua ere azaldu du Udalak, horretarako, euskara baliatzen duten negozioak identifikatu eta babestea, bakoitzaren beharren araberako formazio-saioak eskaintzea eta mezuak, kartelak, menuak eta iragarkiak euskaraz jartzeko baliabideak eta ezagutzak eman gura dizkiete. Laburbildu dutenez, helburua da Plentziako kaleetako karteldegi orokorreko paisaia euskaraz izatea.
Etorkinek ere gero eta pisu handiagoa dute hiribilduan eta beraiei ere euskararen mundura erakartzeko atzerritarrei harrera egiteko protokoloa egiteko asmoa bereganatu du Plentziako Udalak. Horren bitartez, askotariko formazioak eta udal-baliabideen inguruko informazioa eskaini gura diete atzerritik Plentziara bizitzera datozen herritarrei.
Komunitatea saretu
Bukatzeko, 2023-207 agintaldirako Plentziako Udalak herriko euskara-komunitatea indartzeko eta saretzeko hainbat egitasmo ere iragarri ditu, hala nola jai-batzordeak euskararen komunitatera erakartzea, Plentziako ariguneak identifikatzea, ikasle-gazteen batzordea aktibatzea eta Plentziako euskara mahaia aktibatzea eta indartzea.
Hurrengo urtean, 23. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du eta hizkuntza bultzatzeko horrelako ekimen nazionalak ere indartzeko eta bultzatzeko asmoa iragarri dute Udaletik.