Elkarrizketak

Noa Cliff: "Disko helduago eta ausartago bat egin nahi nuen, mezu indartsuagoekin"

Ander Zarraga 2024ko urt. 9a, 14:32
Noa Cliff musikari plentziarrak "La Tormenta" izneko bere bigarren lana argitaratu zuen abenduan.

Itsaslabarrak eta kresala zainetan eta bere abestietan daramatza Noa Cliff musikari plentziarrak. Pandemiak bete-betean harrapatu zuen El Mapa bere lehen diskoaren aurkezpena, baina aurreko abenduan bere bigarren estudioko lana argitaratu zuen, La Tormenta. Musikaren panoraman bere tartea egiten ari den musikariagaz egon da HIRUKA bere lan berriaren sortze-prozesuari buruz gehiago jakiteko.

La Tormenta zure bigarren diskoa da. Barneko ekaitzak azaleratu dituzu bertan?

Horrekin hasi nintzenean, besteak beste, nire amona hil zen eta doluan nengoenez, berari ere idatzi nizkion hainbat abesti, beraz, nire barne-barnetik idatzitako abestiak dira bai. Bizi izandakoa edo beste norbaiti gertatutakoa nola bizi izan dudan kontatzen dut, oso pertsona enpatikoa bainaiz. Egia da hasieran beldur apur bat ematen zidala guzti horrek, lehen diskoarekin konparatuta gauza ezberdina zelako, eta ez nekielako jendeak nola hartuko zuen, baina nire buruari oso fidela izan naiz beti, beraz, ausartzea eta aurrera egin behar nuela erabaki nuen. Azkenean, harrera oso polita izan da eta ezagutzen nautenek aldaketa horretaz konturatu direla aitortu didate eta balioan ipini dute ausardia hori.

Zure lehendabiziko diskoa, El Mapa izenekoa, 2019an argitaratu zenuen, pandemia hasi baino hilabete batzuk lehenago. Nola eragin zizun horrek?

Lehen singlea 2018an argitaratu nuen, baina jendearen harrera ikusita ausartu nintzen Bilbo Rocken egiten den Muestra Bilbao Metal Pop-Rock lehiaketara aurkezten, hartu ninduten eta hangoek eta nire ingurukoek diskoa ateratzeko eskatu zidaten. Orduan, 2019an crowfunding bat egin nuen El Mapa diskoa osatzeko eta urte horretako abenduaren 19an kaleratu nuen. Otsailaren 16an, El Maparen aurkezpena egin nuen Campos Eliseos antzokian eta hortik gutxira konfinatu gintuzten. Beti pentsatzen dut gogoekin geratu nintzela diskoari ibilbide gehiago emateko, hala ere, ni oso pertsona positiboa eta baikorra naiz eta pentsatu nuen hain txarto geunden momentu horretan heldu zela, hain zuzen, jendearen etxeetara zuzenean heltzeko; izan ere, gero, itxita geundenean, igandero zuzeneko kontzertuak egiten nituen etxetik eta El Mapari beste mota bateko bidea egin ahal izan nion. Jende askok eskertu zizkidan momentu horiek eta Hego Amerikara arte ere heldu zen. Hala ere, ez dut ukatuko hanka motz geratu zela, nire lehenengo diskoa zelako eta kriston ilusioarekin eta lanarekin egin nuelako, beraz, nahiko gogorra izan zen.

Orduan hasi zinen La Tormenta prestatzen?

Bai, hori da, orduan hasi nintzen idazten La Tormenta diskoko abesti batzuk. Teklatu mini bat erosi eta abestiak beste modu batean hasi nintzen sortzen: kontzienteago idazten, modu sakonago batean esperimentatzen, produkzioan sakontzen eta konposizioak eta egiturak aldatzen. El Mapa modu intuitiboan egin nuen gitarrarekin, baina La Tormenta egiteko pixka bat gehiago arriskatu naiz. Lau urte hauek eman dizkidaten tresnak eta nirekin izan ditudan musikariengandik eta produkzio-lana egin duen Jagoba Ormaetxearengandik ikasi dudanak asko lagundu dit, horregatik diot konposizioari heldutasun hori eman nahi niola. 

"Disko berrian ausartagoa izan nahi nuen, horregatik hitz egiten dut antsietateari buruz, tratu txarren eta harreman toxikoen inguruko abestiak ere ditut, horiek guztiak nik ere bizi izan ditudalako… Azken finean, disko helduago eta ausartago bat egin nahi nuen, mezu indartsuekin"

Musikari bezala prozesu helduago bat izan da beraz.

Baita pertsona moduan ere. Kontzertuak emanda eta musikariz inguratuta askoz modu kontzienteago batean hasi nintzen konposatzen eta esperimentatzen, abestien egiturak aldatzen eta koroak eta soinu berriekin probatzen. Guzti horrek kriston eragina izan du azken emaitza lortzeko, pertsona eta musikari bezala nahi nituelako beste kontakizun batzuk eskaini, ez bakarrik maitasunaren inguruan. Baneuzkan beste gauza batzuk kontatzeko nahia, El Mapan sentitu nuelako zentzu horretan apur bat hankamotz geratu nintzela. Disko berrian ausartagoa izan nahi nuen, horregatik hitz egiten dut antsietateari buruz, tratu txarren eta harreman toxikoen inguruko abestiak ere ditut, horiek guztiak nik ere bizi izan ditudalako… Azken finean, disko helduago eta ausartago bat egin nahi nuen, mezu indartsuekin.

Disko biak Jagoba Ormaetxearekin grabatu ditut eta bigarren lanean berak esan zidan aldaketa izugarria izan zela, biok elkarrekin eboluzionatu dugula, bai musikari moduan, baita produktore moduan ere. Batera hainbeste lan egin eta gero, oso ondo elkar ulertzen dugu eta abesti bakoitzaren azpian dagoena edo nora heldu nahi dudan berak oso ondo antzematen du; badaki abesti horiek eta nire buruan ditudan ideiak nola jantzi eta artisau batek bezala maitasun handiarekin egiten du lan, beraz, prozesua ere oso berezia izan da.

Abesti guztiak gazteleraz grabatu dituzu, euskaraz grabatzeko asmoa duzu?

Bai, baina horrek azalpen bat dauka: nire lehengo abestia euskaraz idatzi nuen, baina istripu baten ondorioz arazo fisikoak izan nituen, eta, besteak beste, euskara berriz ahoskatzen ikasi behar izan nuen. Musikak prozesu horretan asko lagundu zidan, baina nik ez dut abestien hizkuntza aukeratzen, istorioarekin batera etortzen zait horren hizkuntza. Horrez gain, baditut euskarazko abestiak, baina nire entzule gehienak erdaldunak direnez orain arte gazteleraz argitaratu ditu abestiak. Hala ere, egunen batean asko gustatuko litzaidake euskarazko disko bat sortzea, abestiak egon badaudelako eta horiek ere argitaratzea gustatuko litzaidakeelako, ni ere euskalduna naizelako eta publiko euskaldun horrengana heltzea nahiko nukeelako. Nire estiloa euskaraz ere oso ondo geratzen dela esan didate entzun nautenek, nire ahotsa eta abestiak oso ezberdinak direlako, eta beste zerbait eskaini dezakedalako.

Diskoa abenduaren 1ean jarri zenuen salmentan, harrera ona izan du?

Bai, oso ona izan da, 100 disko inguru saldu ditut, nahiz eta gaur egun diskoak saltzea oso zaila izan. Musikaren mundua gaur egun asko mugitzen da plataformen bitartez eta diskoak saltzea zaila da, baina nik erosten dituen horietako bat naiz, esku artean izatea gustatzen zaidalako, liburuak bezala, eta hori ere egin nahi nuen. Gainera, maketazioan ere denbora asko eman dugu, horrek ere La Tormenta dena islatzea nahi genuelako: portadan eta barrualdean ur asko dauka, baita hegoak ere, ekaitzen kolore argia ere dauka, ekaitzek badaukatelako argi hori ere eta letrak jarri nituen jendeak horiek ere irakurtzen dituelako. 

Nola eskuratu daiteke La Tormenta?

Ez daukat banatzailerik, baina diskoa nire webgunean edo sare sozialen bitartez eskatu ahal da, beraz, momentuz salmenta zuzena egiten ari naiz, baina beste tokiren batean jartzeko ahaleginetan nabil. Horrez gain, gutxika-gutxika abestiak plataformetara igotzea ere banabil. Abesti bakoitzari bere lekua eta denbora eman nahi diot, pentsatzen dudalako sormenak bere denbora behar duela eta ez du hainbeste urtetako lana eta esfortzua bi hilabetetan erre. Ni oso lasai eta kontziente bizitzen saiatzen naiz eta nire musika ere horrela aurkeztu nahi dut, ni naizenarekin koherentea izatea, hain zuzen. 

"La Tormenta zuzenean entzuteko disko bat ere dela uste dut, nirekin jotzen duen bandak izugarrizko indarra ematen diolako, beraz, asmoa da kontzertuak bilatzea"

Zeintzuk dira zure nahiak eta ametsak urte honetarako?

Asko ditut egia esan, baina gustatuko litzaidake zuzeneko kontzertuak ematea. Asko disfrutatzen dut oholtza gainean, zuzeneko musikak badaukalako efimerotasun hori, eta kontzertu bat inoiz ez delako errepikatzen. Gainera, entzutera etorri direnek komentatu dute zuzeneko polita dugula, eta La Tormenta zuzenean entzuteko disko bat ere dela uste dut, nirekin jotzen duen bandak izugarrizko indarra ematen diolako. Beraz, asmoa da kontzertuak bilatzea, uste dudalako oso momentu onean nagoela eta bandarekin batera eskaini dezakegun musika maila ere oso kalitate onekoa izan daitekeelako. Nire musikari hegoak eman eta Euskal Herrian nire lekutxo hori egitea gustatuko litzaidake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun