Elkarrizketak

Ainhoa Claro: "Bilbotik eta ingurutik hondartzara etortzen den jende askok ez daki Plentziak alde zaharra ere baduela"

Ander Zarraga 2024ko urt. 25a, 11:09

Ainhoa Claro, Pelntziako Udaleko turismo teknikaria.

Plentziako bazterrak eta sekretuak hurbiletik ezagutzeko bisita gidatuek arrakasta handia izan zuten iaz, eta aurten ere horiek errepikatzeko eta hobetzeko asmoa dutela iragarri du Ainhoa Claro Udaleko turismo teknikariak. Urteko lehena, Plasetia de Butron museoagaz batera egin zuten Plentziako aztarna ezkutuak izan zen, eta, aurten, erakunde bien arteko elkarlana indartzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du teknikariak. Horiei eta hiribilduko bisitariei buruz gehiago jakiteko turismo bulegora hurbildu gara.

Plentziako bisita gidatuek arrakasta handia izaten dute, zergatik uste duzu dela hori?

Bai, bisita gidatuak gero eta ospetsuagoak dira, baina ez bakarrik kanpoko jendearentzako, inguruko jendearen eta plentziarren artean ere interes handia pizten dute, herriari buruz ez dakizkiten gauza asko deskubritzen baitituztelako: istorioak, kondairak... 

Nondik etorri ohi da jendea?

Bisita gidatuetara etortzen den jendea batez ere ingurukoa da, horiek euskaraz eta gazteleraz egiten ditugulako. Ingalaterratik edo Frantziatik etortzen diren bisitariak orokorrean ez dira horietara joaten. Gainera, deialdiak hain azkar betetzen direnez, etortzen diren turista askok ez dute apuntatzeko aukerarik izaten. 

Horrez gain, bisitari gehienak bertakoak izaten dira, bizkaitarrak, eta horien atzetik, Madriletik eta Kataluniatik jasotzen ditugu. Kanpoko jendeari dagokionez, gehienak frantsesak, alemaniarrak eta ingelesak izaten dira, baina aurten mundu osoko bisitariak izan ditugu, agian pare bat bakarrik izan dira, baina nabaritu dugu aniztasun handia egon dela.  

"Kanpoko jendeari dagokionez, gehienak frantsesak, alemaniarrak eta ingelesak izaten dira, baina aurten mundu osoko bisitariak izan ditugu, agian pare bat bakarrik izan dira, baina nabaritu dugu aniztasun handia egon dela"

Arten, urtarrilaren 14an egin zenuten 2024ko lehen bisita gidatua, nola joan zen?

Deialdia egin eta gutxira bete ziren plaza guztiak. Gainera, Plentziako aztarna ezkutuak izeneko bisita hau berezia izan zen, Plasentia de Butron museoarekin batera antolatu baikenuen. Horretan, herrian zehar agertu diren eta orain museoan dauden objektu ezberdinen inguruko historia azaldu zuen Jondalar Sota museoko historialariak. Egiten ditugun beste bisiten aldean, hori oso berezia izan zen eta jendeari oso erakargarria egin zitzaion.

Nolakoak dira egiten dituzuen beste bisita gidatuak?

Oro har, egiten ditugun bisita gidatuak alde zaharretik izaten dira, Plasentia de Butron museoarekin batera edo gure kabuz. Horrez gain, itsasadarreko pasealekutik ere egiten ditugu eta itsas-tradizioarekin zerikusi gehiago izaten dute. Horietan, Plentziako arkitektura ere aztertzen dugu, eta iraganean hemengo bizitza nolakoa zen ere kontatzen dugu. 

Aurtengo bisitetarako zerbait berria ari zarete prestatzen?

Egingo ditugun bisitak zerbait aldatu nahi ditugu, eta, adibidez, elizako parrokoarekin hitz egiten egon gara eta eliza eta dorrea bisitatzeko aukera ere aztertzen gabiltza. Asmoa da bisita gehiago egitea eta egin ditugunak hobetzen joatea eta museoarekin ere lan gehiago egitea. Horrez gain, webgune berria ere daukagu eta hori lantzen gabiltza. Aurten hainbat egitasmo berri izango ditugu, baina oraindik asko zehaztu egin behar dira.

Azken urteotan bisitarien kopuruak gora egin duela ikusi duzue?

Bai, urtez urte gero eta bisitari gehiago jasotzen ditugu, batez ere uda partean. Iaz 4.000 bisitarik gora izan genituen urtean zehar. Igoera oso gutxika izan ez arren, urtez urte bisitarien kopurua hazten doala ikusten dugu. 

Zer da jendeak galdetzen duena?

Jendeak herria ezagutu nahi du; izan ere, Bilbotik eta ingurutik hondartzara etortzen den jende askok ez daki Plentziak alde zaharra ere baduela. Nabaritu dugu azken lau urteotan joera aldaketa bat eman dela eta bisitariak alde zaharra ezagutzen hasi direla. Horrez gain, hemengoak ez direnak kostaldea bisitatzera etortzen dira eta inguruan zer ikusi dezaketen eta ibilbideak interesatzen zaizkie, eta askok gastronomiaz eta jateko lekuez ere galdetzen digute. 

"Gurean flyscha ez egon arren, Getxo eta Jataondoren artean horren mapa berri bat osatu zuten eta gu erdian gaudenez, jendea guregana ere etortzen da hori bisitatzeko"

Museoaz gain, eskualdeko beste erakunde batzuekaz zein proiektu garatu duzue?

Uriben ere gaudenez, Jataondo Nekazaritza Garapen Agentziarekin ere egiten dugu lan eta askotan elkarrekin garatzen ditugu proiektua; adibidez, duela hiru urte Barrika eta Gorlizekin hainbat ibilbide zituen plano bateratua egin genuen. Gatika eta Mungiarekin ere Butroeko ibilbidea egin genuen, eta mapa bat egin eta seinaleak jarri genituen. Horrez gain, gurean flyscha ez egon arren, Getxo eta Jataondoren artean horren mapa berri bat osatu zuten eta gu erdian gaudenez, jendea guregana ere etortzen da hori bisitatzeko. 

Zer gomendatuko zenieke eskualdeko beste udalerrietatik etor litezkeen bisitariei?

Komentatu bezala, Plentziako alde zaharra ez da asko ezagutzen, eta Uribe Kostan dagoen alde zahar bakarra da; Eliza ere bisitatu daiteke, eta asko merezi du oso polita delako; Plasentia de Butron museoa ere ezagutu beharreko gune bat da, Plentziako historiaz gain, eskualdeko historia guztia jasotzen duelako, eta, horrez gain, hainbat ibilbide daude. Gastronomiaz ere ezin naiteke ahaztu, prezio eta mota guztietako establezimenduak baitaude. Horrez gain, asteburuetan eta udan giro ederra daukagula esango nuke eta polita da airez aldatzeko hona etortzea; gainera etortzea oso erraza da, metroa baitaukagu ondoan. Gero bisitari bakoitzaren arabera ere bestelako aukerak daude, turismo-bulegora etortzen badira gomendatuko diegu zer edo zer egin.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun