Plentzia lehen udalerria izango da Gerra Zibila eta frankismoa bere osotasunean aztertuko dituena 1936tik 1978ra; izan ere, Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak azaldu duenez, orain arte, horrelako hainbat azterlan egin dituzte, baina gehienek ez dute diktadura bere osotasunean ikertu. "Batailatxoak ezagutzen ditugu aspalditik, baina defizit demokratikoa dago errepresioa mota guztiak bizi izan zituztenei izen-abizenak jartzeko", gaineratu du historialariak.
Horretarako, hiru urteko hitzarmena sinatu dute 2023-2026 urteen artean garatuko den ikerketa egiteko. Lehen fasean, Aranzadik hainbat motatako informazioa batuko du, bai errepresioa bizi izan zutenen testigantzat, baita hainbat artxibotan gordeta dagoen informazioa ere.
Lekukotasun horiek zuzenean emateko eta egitasmoaren inguruko informazioa jasotzeko bulegoa Topalekuan egongo da, Goienkaleko Billabasoena eraikinean. Aranzadikoak bertan izango dira astelehenetan, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, otsailaren 19tik martxoaren 11ra. 943 466 142 telefono-zenbakia eta memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa ere ahalbidetu dituzte zeregin horretarako.
"Biktimek erabakiko dute nola emango dituzten testigantzak: grabatuta, hitzez... Garrantzitsuena da horiek orain batzea, egiten ez badugu betiko galduko baitira", azaldu du Bucesek.
Egitasmoaren aurkezpenean izan dira baita Aitor Garagarza Plentziako alkatea eta Izotz Amundarain Trantsizio eta Ondarearen zinegotzia ere. "Errepresio forma ezberdinak eman ziren eta guztiei aitortza egin nahi diegu; adibidez, Nicolas Landa Garay EAJko alkate ohiarena, erbestean hil zena, baina inoiz ez zela bere gorpua berreskuratu", azaldu du alkateak. Halaber, azpimarratu dute egitasmoa Kandelaria Kultur Elkartea bezalako beste erakunde eta norbanakoek egindako ikerketak osatzeko helburua duela, Herri memoria gara bezalako ikerlanetatik abiatuta.
Aurreratu dutenez, beste udalerri batzuetan egin den bezala, Udalaren asmoa da testigantza horiek webgune batean jasotzea eta etorkizunean liburu bat ere argitaratzea. Gainera, ekainaren 14aren inguruan Plentzian Memoriaren Astea antolatzeko asmoa iragarri dute, berbaldiakaz eta erreparaziorako jarduerakaz, 1937ko egun horretan sartu baitziren frankistak Plentzian.