Herri memoria gara izeneko liburua eta egutegia argitaratu duzue. Zer aurkitu dezakegu, zehazki, horietan?
1936 urtean hasi eta gaur egunera bitartean, Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Barrika udalerrietan izandako errepresio-kasuak jaso ditugu; zehazki, gure herrietan jaio ala noizbait bertan bizi izan direnei gertatutakoak, edota, nahiz eta gertakizun horien protagonistak herrikoak ez izan, herrian bertan eman diren errepresio-kontuak, baita horiei lotutako mobilizazio eta mugarri esanguratsuak ere.
1936-37 aldian, gure herrietan gerra garaiak markatu zuten une adierazgarrienak batu ditugu, baita borrokan hildakoen bizipenak ere. Frankismoan, aldiz, atxiloketa-zigor larrienak batzen saiatu gara, heriotza-zigor ala bizi arteko zigorrak jasandakoenak, besteak beste, baita erbestean hildakoen bizipenak eta konfiskatzeak ere. Trantsizio-garaian, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokaren harira pairatu ziren errepresio-kasuak batu ditugu batez ere, eta, 80ko hamarkadatik aurrera, dokumentatuta dauden atxiloketak, talde parapolizialen ekintzak eta tortura kasuak, besteak beste.
Liburuarekin batera, egutegi batek laguntzen du kontakizuna; egutegiaren egunetako laukitxoetan errepresioari lotutako gertakarien azalpen motz bat agertzen da, eta liburuak azalpen arin horiek mamitu eta osatzen ditu. Gainera, egutegian irudi txiki batzuk ere sartu ditugu, herriari zuzenean eragiten dioten datez haratago, urtea eta Euskal Herriko egutegia markatzen duten egun esanguratsuei erreferentzia egiten diotenak: martxoaren zortzia, maiatzaren lehena, aberri eguna, jai egun arrotzak… Liburuan egun horien jatorria edo nondik norakoak ere azaltzen ditugu.
Zenbat denbora eman duzue ikerketa- eta osatze-lan hori egiten?
Urtebete inguru. Ideiarekin bueltaka denbora asko daramagu, baina lanean 10 hilabete egin ditugu. Azkenengo hilabeteetan lan handiagoa izan dugun arren, hasiera otsaila aldera izan zen.
Hasiera batean, ideia zen egutegia egitea eta bertako laukitxoetan gertakariak sartzea. Baina konturatu ginen ez zela posible dena bertan txertatzea, eta egutegiarekin batera 10-15 orrialdeko liburuxka bat aurreikusi genuen. Hala ere, azkenean, prozesua handitzen eta handitzen joan da, 200 orrialde inguruko liburu bat bihurtu arte.
Dena dela, aipatu behar dugu oso eskertuta gaudela aurretik datu bilketan eta memoriaren inguruko lanetan ibili direnei. Guk beste batzuek aurretik egindako lana probestu dugu, eta horrek lana asko erraztu digu.
Zer dela eta mota honetako lan bat egitearen ideia?
Hutsune handia ikusten dugulako memoriaren aferan. Herrian Dabi eta Mario anaien kasua ezagunagoa izan daitekeen arren, orokorrean jendeak ez daki errepresioak zenbat markatu duen gure herrietako bizilagun askoren bizitza. Adibidez, gutxik dakite Gorlizko alkateordea fusilatu zutela, Plentziako Udaleko errepublika garaiko langile guztiak prozesatu zituztela, tiroketak eta lehergailuak jarri izan zituztela inguruotan Estatuko talde parapolizialek ala dozenaka lagunek torturak pairatu dituztela azken hamarkadetan.
Gatazkak eragindako beste biktima batzuen urteurrenak komunikabideetan gogorarazten dira; Estatuak eragindakoak, ordea, ez dira inon ageri, isilaraziak eta ezkutatuak izan dira. Instituzioei egin beharreko lanari baliorik kendu barik, garrantzitsua iruditzen zaigu herri-eragile batetik gauzatzea horrelako proiektu bat, zentsura eta konplexu barik Estatuko biktimei ahotsa ematen diona.
"Gure herrien memoria euskararen defentsa da, gure herrien memoria nazioaren aitortza da, gure herrien memoria borroka ekologista eta antifaxista da"
Diozuenez, beraz, berton kontatzen dituzuen gertaerak ahanzturan gelditu dira, batez ere gazteenen artean, ezta?
Ez dira gertukoak, nahiz eta baten batek agian familian zerbait entzuterik izan duen edota zerbait irakurrita duen. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu ez jartzea fokua bakarrik gazteengan, prozesuan zehar topo egin dugulako “beldurragatik ez zen kontatzen” edo “gai hau ez zen etxean hitz egiten” bezalakoekin. Beraz, belaunaldi askotan dago kontakizunaren zatiketa edo informazio falta.
Eta errepresio--kasuak kontatzetik haratago, uste dugu liburuak ere baduela beste funtzio bat hurrengo belaunaldiei zuzendutakoa, hau da, ikusaraztea errepresioa ez dela ematen arrazoirik gabe; Gorlizen, Plentzian, Lemoizen eta Barrikan izandakoak gertatu ziren gure bizilagunak balio batzuen defentsan zeudelako, euskaraz egiten zutelako, ikurrina bat atera zutelako edota faxismoari aurre egitea erabaki zutelako, besteak beste.
Hau da, gure herrikideek errepresioa jasan zuten balio batzuen defentsan antolatu zirelako, eta, beraz, guretzat garrantzitsua da, gertatutakoak kontatzetik haratago, horien jatorria azaltzea. Gure herrien memoria euskararen defentsa da, gure herrien memoria nazioaren aitortza da, gure herrien memoria borroka ekologista eta antifaxista da.
Jasotako guztiaren artean, zer nabarmenduko zenukete?
Kasu zehatz batez hitz egin beharko bagenu, Alfon eta Elixabeterena aipatuko genituzke. Izan ere, liburuan gehien aipatzen duguna Alfonso Etxegarai da, eta bere bizitzako hiruzpalau pasarte batu ditugu. Herriko gehienak jakin dezakete lau hamarkada eman dituela deportatuta, baina agian beste pasarteren bat, hala nola Iparraldeko bere lehen atxiloketarena ala Ekuadorren jasandako torturena, ez dira hain ezagunak.
Beste bat nabarmendu nahiko genuke, liburuan aipatzerik izan ez dugulako. Esteban Muruetagoiena mediku ondarrutarra torturaren eraginez zelan hil zen kontatu dugu, bere bikotekide Elixabete Hormaza plentziarra delako. Duela aste bi, baina, Elixabetek bere isiltasunarekin apurtu eta bera ere, Esteban bezala, hamar egunez basatiki torturatu zutela salatu du instituzioen aurrean. 40 urte pasa behar izan dira berba egiten ausartzeko, eta horrek oso ondo islatzen du zein den Estatuko biktimen egungo egoera.
Gertakari zehatzetatik haratago, liburua bere osotasunean ere azpimarratuko genuke, herrien eta herritarron esentzia gordetzen duelako orrialde guztietan. Liburua irakurtzen duenak herriko abizen ezagunak topatuko ditu, imajinatzen ez dituen pasarteak irakurriko ditu eta gure herriko argazki interesgarriak eta ikusgarriak ikusiko ditu. Adibidez, gutako askok orduak eta orduak pasatu ditugu Ontziola plazako kioskoan jolasten, eta hemen ikusiko dugu plaza bera lubaki izan zela; edo lagun baten senidea ume izanda erbesteratu zutela. Hori ere ez dugu ezagutzen, eta orrialdeon artean topa dezakegu.
Zenbateko lana izan da?
Uste baino askoz handiagoa. Datuak biltzeko dokumentuak irakurtzen ibili gara, hainbat erakunderekin kontrastea egin dugu, banakako kontakizunak jaso ditugu, askotariko jendea elkarrizketatu dugu... Datu horiek zehaztasunez osatzen joan gara, eta guztiaren itzulpenak egin behar izan ditugu, txukun idatzi, argazkiak eta dokumentuak bilatu, pilatu eta guztiari forma eman.
Informazio asko eta asko jaso dugu, eta lan hau esku artean genuela kontatzen genuenean, gero eta gertakari gehiago heldu zaizkigu. Badakigu ezinezkoa dela gertatutako guztia jasotzea, baina hasiera bat izan da, eta polita iruditzen zaigu lan honen harira jendea hitz egiten hastea.
Komunitatean egindako lana izan da; zelakoa izan da hori?
Artxiboetan eta liburuetan arakatzea tokatu zaigu, artxibo ofizialekin kontaktuan jarri, datuak egiaztatu… Baina, batez ere, jendearekin berba egin eta eurei ahotsa ematen saiatu gara; herri-memoria balioan jarri nahi izan dugu. Hala, Frankismoko biktimen senideek kontatutako gertakariak Salamancako artxibo ofizialak jasotzen duen beste edozein gertakarik duen maila berean jartzen saiatu gara.
Eta komunitatean diogu bakoitzak bere aletxoa jarri duelako, batzuk idazten eta datuak batzen ibili gara, beste batzuk senideen pasarteak kontatzen, besteak itzulpen-lanak egiten eta hainbatek argazkiak bilatzen. Uste dugu liburu honen egiletza kolektiboa dela, bere xarma egiteko moduagatik beragatik; izan ere, argia ikusi badu herritar askoren inplikazioari esker izan da.
Zelan banatu/salduko duzue liburua?
Liburua eta egutegia bakoitza bere aldetik ala batera erosteko aukera egongo da. Liburua 12 eurotan, egutegia 8 eurotan eta dana batera 15 eurotan erosi ahalko da. Abenduaren 5eko aurkezpena bukatzean erosteko aukera egongo da, baita Txiberrin antolatuko dugun abenduaren 17ko azokan ere.
Egindako lanaren ostean, zer balorazio egingo zeniokete lau herri horietan bizi izandako errepresioari?
Errepresioak hamaika aurpegi izan ditu. Frankismoan fusilamenduak, trantsizioa deiturikoan atxiloketa masiboak, gerra zikina gero, tortura… eta gaur egun memoriaren aurkako erasoak. Hala ere, nabarmenduko genuke errepresio horren guztiaren jatorria. Matxitxakoko batailan herrikideak hil zituzten faxismoaren aurrean itsasoratzeko eta borrokatzeko prest egon zirelako. Gaur egun ez dugu zentral nuklearrik Euskal Herri osoa antolatu zelako, gure herrietako jendea lehen lerroan zegoelako nuklearrik ez genuela onartuko esanez.
Beraz, alde batetik errepresioaz hitz egin behar, zapalduon historia ez delako garaileena bezala ezagutzen eta gu garelako gogoratzearen eta ez errepikatzearen berme. Baina, aldi berean, gure aurrekoek defendatutako balio horietan berretsi behar garela azpimarratuko nuke, herri honetan aurreko belaunaldietako balioen oinarri sendoek gaur egungo panoramari begiratzen lagundu ahal gaituelako.
Argi dugu errepresioa gauzatu zuten horiek, memoria ukatzen diguten horiek, haien lekuetan jarraitu nahi dutela eta herritarrok tresnak behar ditugula horri guztiari aurre egiteko. Liburu hau memoriari ekarpena egiteko tresna xume bezala planteatzen dugu.