Elkarrizketak

"Errugbiak gero eta zaletasun gehiago dauka eta eskolek ere beraien lana egiten dute hori sustatzeko"

Ander Zarraga 2024ko mar. 12a, 15:52

Gaizka Isasi eta Markel Lopategi Uribealdea taldeko jokalariak Plentziako errugbi zelaian.

Uribealdea Rugby Kirol Elkartea 2008an sortu zen Mungiako Torpedo Gorria eta Plentziako Kakarraldo taldeak batu zirenean. 23/24 denboraldia bukatzear dagoela, Markel Lopategi jokalari beteranoa eta Gaizka Isasi kapitaina eta harrobiko jokalariagaz egon gara taldeari buruz gehiago jakiteko.

Nolatan batu ziren Mungia eta Plentziako taldeak?

MARKEL LOPATEGI: Talde bietako jokalariak beti egon izan gara oso batuta eta Torpedo Gorria kategoriaz igo zenean, bigarren taldea ere behar genuenez, ba elkartzea erabaki genuen. Batze horretatik hirugarren talde berri bat sortzea pentsatu genuen, eta hortik atera zen Uribealdea Rugby Kirol Elkartea. Aurretik ere, jubeniletan eta kadeteetan askotan batu izan gara jolasteko, beraz, aspalditik elkar ezagutzen genuen. Taldea sortu zenean Ohorezko B Mailan hasi ginen jokatzen, eta lehen urtean kategoriaz jaitsi ginen arren, berriz ere berreskuratu genuen eta ordutik hor mantendu gara. 

Zein da taldearen egoera gaur egun?

GAIZKA ISASI: Taldearen dinamika ez da onena izan, ligako lehen partidak galdu egin genituelako, baina azken jardunaldiak irabazi ditugu, beraz, badirudi joera aldatu dugula. Aurreko urtean bezala gabiltza, beheko postuetan, eta erabat ondo egon ez arren, gure helburua kategoria mantentzea da. 

M.L.: Gure ligan aurrekontu itzelak dituzten taldeak daude, baina gurea nahiko umila da; esan dezakegu gure ligan bi maila daudela, batetik, goiko taldeena: Hernani, Gernika, Getxo, Bilbo... Eta gero, talde apalagoak gaude, kategoria mantentzeko borrokan aritzen garenak, hain zuzen. Gazte asko ditugu igotzen joango direnak, baina horiek hazi  eta lehen taldean sartu arte Ohorezko B Mailan mantendu behar gara.

Harrobi garrantzitsua duzue, beraz?

M.L.: Bai Mungian eta bai Plentzian ere ondo antolatutako eskolak ditugu eta 16 urtez azpikoak Uribealdean hasten dira jokatzen, beraz, maila horretan ere talde indartsuak ditugu. Etorkizuna badaukagula esan dezaket, eta herri eta zonalde biak elkartzea oso lagungarria izan da zentzu horretan.

"Tartekatzen goaz, bat Mungian eta beste bat Plentzian jokatzen dugu, eta entrenamenduetara ere berdin egiten dugu"

Partiduak non jokatzen dituzue?

G.I.: Tartekatzen goaz, bat Mungian eta beste bat Plentzian jokatzen dugu, eta entrenamenduetara ere berdin egiten dugu. Hala ere, gehienbat Plentzian entrenatzen dugu, astean birritan etortze baikara hona eta behin Mungiara. Horri esker, zelaia ez da hainbeste hondatzen eta baten bat txarto badago bestean jolastu ditzakegu partiduak. 

M.L.: Hasieran arraroa izan zen, baina orain jendea ohituta dago; kosta egiten zen Mungiakoak ona etortzea eta aldrebes, baina beti izaten dugu jendea batean zein bestean, eta nahiko hurbil gaudenez, konpontzen gara.

Zenbat talde ditu klubak gaur-gaurkoz?

G.I.: Orain talde bakarra daukagu Ohorezko B mailan. Urte batzuk lehenago talde gehiago izan ditugu, jende gehiago ere egon delako, baina orain ez dugu hainbeste jenderik, beraz bakarra dago. 

M.L.: Gainontzeko kategoriei dagokienez, adibidez, Urgozo Zornotzako taldeagaz hitzarmena daukagu eta gure bigarren taldeko jokalariek biraiekaz ere jolasten dute. Orain arte, talde bi izan ditugu, baina orain egoera honetan gaude. 18 eta 16 urtez azpikoetan ere hainbat talde ditugu, eta herri bakoitzeko eskolak ere hainbat jokalari ditu adin guztietan, 100 ume baino gehiago izango dira horietan. Adibidez, iazko 16 urtez azpikoen taldekoek Hernaniren aurka Euskadiko Txapelketa irabazi zuten, eta hurrengo urtera begira 18 urtez azpikoen talde indartsua izatea espero dugu baita. Gainera, Mungian nesken taldea ere badago eta horiek Uribealdean ere sartu nahi ditugu, izan genuelako emakumeen taldea, baina desagertu egin zen; emakumeen taldea berreskuratzea da beraz gure asmoetako bat.

Nazioarteko jokalariak ere dituzue, ohiko da hori Ohorezko Mailan dauden taldeetan?

M.L.: Bai, Georgiako bi ditugu. Aspaldi Bilbora joan ziren jokatzera, baina kontratua bukatu zitzaienean, talde barik geratu ziren eta hona etortzen bukatu zuten. Horrez gain, Argentinatik ere etorritako gazte batzuk ere baditugu. Gure ligan talde guztietan daude kanpotarrak, Hernani da gutxien dituena, baina frantziar batzuk ere badituzte. Horrez gain, jokalari ia guztiak ingurukoak dira, Mungialdekoak, Plentziakoak, Sopela, Derio... Getxokoren bat ere badaukagu.

G.I.: Georgian errugbiak zaletasun handia dauka, hemen baino askoz gehiago, eta daukaten selekzioa ere oso indartsua da, aurreko mundialean fin aritu ziren gainera. Guk jokatzen dugun ligan kanpoko jokalariak izatea garrantzitsua da, taldearen maila igotzen laguntzen dutelako; jokalari onak izan ohi dira eta gutxi izan arren, nabaritzen da. Gero, aurrekontuaren arabera egiten ditugu fitxaketak, ez baitugu beste taldeek duten dirua horretarako.

Errugbia ez da kirolik ospetsuena gure artean, gainera gure inguruan hainbat kirol praktikatzen dira, uste duzue hori aldatzen ari dela?

G.I.: Bai, gero eta zaletasun gehiago dago eta eskolek ere beraien lana egiten dute hori sustatzeko, urtez urte ikusten dugulako gero eta jende gehiago dagoela. Adibidez, ni 13 urtegaz hasi nintzenean, oso gutxi ginen, ez ginen talde bat osatzeko nahiko izaten, baina orain adin berean hainbat jokalari daude eta arazo barik osatzen dute taldea. Nabaritzen da zaletasuna dagoela eta eskolak beren lana egiten ari direla. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun