Plentziako parke eta plazak hobetzeko tailer irekiak egingo dituzte

Ander Zarraga 2024ko mai. 7a, 15:55

Herriko plaza eta parkeen sarea berdiseinatzeko egitasmoa ari da bultzatzen Udala.

Plentziako Udalak bi deialdi egingo ditu maiatzean, udalerriko parkeen eta plazen sarea diseinatzeko egiten ari den proiektuaren barruan. Egitasmoaren helburua da gune publiko horiek aztertu eta birdiseinatzea, herritar guztien beharrizanak bete ditzaten. 

Urtarrilean abiatu zuten prozesu honetako tailer irekiak maiatzaren 13an eta 20an egingo dituzte, biak astelehenetan, 18:00etatik 19:00etara, Goñi Portalen. Bertan, herritarren ekarpenak jasoko dituzte herriko parke eta plazen inguruan, horiek denontzako modukoak izan daitezen.

Lehen deialdian itsasadarraren inguruko eremuez arituko dira, hala nola Ontziola plaza, Labastureko gunea, Txipioko parkea, Ondarreta parkea edo Gazteluondo errotako parkea.

Bigarren deialdia, hilaren 20an egingo dutena, alde zaharreko eremuez berba egiteko balioko die. Hala, eliz plaza, Antolin plazatxoa, Azurtegiko plaza, Txipioko parkea edo Mentxaka zugaztia bezalako guneak aztertuko dituzte, besteak beste.

Puede ser una imagen de texto

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun