Udaleko arduradunek arrazoitu dutenez, gaur egun 700 aparkaleku inguru daude udalerrian, baina 2.000 ibilgailu baino dago dituzte erregistratuta. Gainera, uda-sasoian herrira joaten diren bisitarien kopurua ere oso altua dela kontuan hartuta, "desoreka horrek eragin negatiboa du herriko mugikortasunean eta ingurumenean".
Arazo horri "ikuspegi integral batetik" heltzeko asmoagaz, gobernu-taldeak aparkalekua arautzeko ordenantza onartu berri du. Udal-iturriek adierazi dutenez, "horren helburua ez da soilik aparkaldiak eskaeraren eta espazioen erabilgarritasunaren arabera arautzea, baizik eta baita garraio publikoaren erabilera sustatzea ere".
Gune urdinak
Ordenantzak ezartzen du aparkamendua arautzeko mugatzea uztaialren 1etik irailaren 8ra izango dela. Ordenantza aplikatuko den guneetan zorua urdinez margotuko dute eta seinale bertikalak jarriko dituzte eta horietan bi orduz bakarrik aparkatu ahal izango da gehienez. Horiez gain, "R", "E" edo "Bertakoa" adierazgarri duten aparkalekuak egoiliarrentzako bakarrik izango dira.
Egoiliarrak direla adierazteko txartela eskuratu ahal izango dute, besteak beste, Plentzian erroldatutakoek, Arpillaoko aparkalekuko emakidadunek edo Plentzian izena emanda duten enpresetako beharginek. Horiek edozein gunetan aparkatu ahalko dute.
Aldiz, urdinez adierazitako eremuetan aparkatzen duten gaienrako ibilgailuek Udalak jarriko dituen parkimetroetako agiria izan beharko dute ikusgai, inolako ordainketarik egin behar barik eta aparkatzeko gehieneko denbora ordu bikoa da. Epe hori igarota, ezin izango da araupeko gunean berriro aparkatu bi ordu igaro arte.
Gune urdinetarako ordutegia honako hau izango da: astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta aste-akabuetan 09:00etatik 14:00etara.
Aurreikusitakoaren arabera, araudia betetzen ez duten ibilgailuek 100 euroko isuna jasoko dute egoiliarren aparkalekuetan edo agiririk gabe aparkatzeagatik, eta 80 eurokoa tiketa ikusgarri ez uzteagatik edo gune urdinean 60 minutuko epea gainditzen badute.