Nola ari zarete gorpuzten memoria historikoaren inguruko ikerketa hau?
JAVIER BUCES: Aranzadin tokian tokiko ikerketak ari gara egiten hurbileko memoria historikoaren alorrean. Horrez gain, Aldundiekin edo Gogora Institutuarekin ere gauza konkretuak egiten ditugu, baina plentzian egiten ari garen motatako ikerketak udalek abiarazten dituzte. Orain arte, batez ere Gipuzkoan egin dugu lan, han urte asko daramatzatelako horrelako proiektuak aurrera eramaten, aspalditik kontsensu handiagoa baitago eta Aldundian Giza Eskubideen Zuzendaritza ere dutelako, hemen ez dagoena, eta horrek asko bultzatzen ditu proiektuak. Bizkaian, hainbeste mugitu ez arren, ikertu ditugun herriak, hala nola Galdakao, Erandio, Bakio edo Gautegiz Arteaga.
MARIA LAESPADA: Gainera, Bizkaian horrelako ekimenak gehiago ematen dira herri-mugimenduetatik abiatuta edo herrietan bertan sortzen diren proposamenetatik.
"Zuriketarik ez egiteko, frankismoa bere osotasunean hartzea erabaki zen, eta hori da Plentzian lortu duguna, leku askotan ez delako hala izan"
Zein da Plentzian ikertzen ari zareten garaia
M. L.: Garrantzia handikoa da hori zehaztea bai, Plentzian egiten ari garen proiektuak frankismo osoa hartzen baitu; beste leku batzuetan 1945 edo 1960 arte bakarrik hartzen da. Hori oso modu positiboan baloratzen dugu, frankismoa bakarra izan zelako, eta horrela ikertzea merezi duelako ere. Hala, ikerlanak Gerra Zibila piztu zenetik 1978ra arte hartzen du.
J. B.: Aranzadiren ikuspuntua da frankismoa bakarra izan zela, beraz, bere osotasunean ikertzea erabaki zen, zuriketarik ez egiteko. Hori da, hain zuzen, Plentzian lortu duguna, leku askotan ez delako hala izan. Soziologikoki ez dakigu frankismoa noraino iritsi zen, baina ofizialki 1978an bukatu zela finkatu dezakegu. Diktadura oso luzea izan zen, eta 60. hamarkadan oposizio armatua ere izan bazuen ere, diktadurak berdina izaten jarraitzen zuen, beraz, uste dugu bere osotasunean ikertu beharra dagoela.
"Frankismo berantiarrean gertatu zena kontatu ahal diguten pertsonak baditugu, baina hori ere orain bultzatu behar da, jendea desagertzen ari delako."
Ikerketa otsailean hasi zenuten, zer izan da aztertu duzuena?
M. L.: Testigantzak oso garrantzitsuak dira guretzako herrian gertatutakoa beste ezer baino hobeto biltzen dutelako, eta errepresio mota asko daudelako ez daudenak artxiboetan jasota; adibidez, emakumeen kontrako sexu-indarkeria edo dokumentuetan aurkitu ezin ditzakegun bestelako gertakizunak. Otsailaren 19an, Memoriaren Bulegoa abiatu genuen eta lau astez informazioa, testigantzak eta zalantzak jaso genituen, eta, horrekin batera, udal-artxiboa ere aztertzen egon gara. Bizkaiko eta Euskadiko artxibategietan ere aritu gara eta hurrengo urtera begira Estatu espainoleko artxiboetara jotzeko asmoa dugu, bai Ferroleko Artxibo Militarrera, baita Artxibo Historiko Nazionalera ere.
Hala ere, garrantzitsua da ikerketa hauek lehenbailehen martxan jartzea, 1936-1945 tarte horretan gertatu zena bizi izan zuten pertsona oso gutxi geratzen baitira bizirik. Aldiz, frankismo berantiarrean gertatu zena bizi ian zuten pertsonak baditugu eta beraiek edo beraien senideek gertatutakoa kontatu ahal digute, baina hori ere orain bultzatu behar da, jendea desagertzen ari delako.
Zer da ekainaren 14ko hitzaldian aurkeztu zenutena?
M. L.: Ikerketaren nondik norako orokorrak azaldu eta Plentzian orain arte egindako lanaren lehen fruituen lagin bat azaldu genuen. Nahi genuen jendeak ikus dezan egiten dugun lana eta zer nolako informazioa biltzen ari garen. Adibidez, Plentzian errefuxiatu jaso zituzten eta beste asko erbesteratu egin behar izan ziren, udal-langileak ere kaleratuak izan ziren beraien ideologiagatik, gerran egondako gazte asko egon ziren... Gainera, kostako herria izanik, itsasoko armadan ere plentziar asko egon ziren, beraz, esan daiteke nahiko lagin anitza dagoela errepresioari dagokionez.
Gehien ezagutzen den errepresio horretaz gain, hain sonatuak ez diren kasuak dira zuek ikertzen ari zaretenak, hala da?
M. L.: Hori da argitara ekarri nahi duguna. Adibidez, hitzaldian erakutsi genuen udal artxiboko dokumentu batean azaltzen da nola gerran 200 ondarrutar baino gehiago errefuxiatu ziren Plentzian. Salamancako Memoria Historikoko Zentro Dokumentalera ere joan nahi dugu ikusteko ea zein plentziarrei kendu zizkieten ondasunak. Badaukagu bando bat ere euskararen erabilera debekatzen duena. Hainbat indarkeria eta errepresio mota egon ziren, baina denak ez dira berdin ezagutzen, eta horiek argitaratzea da gure lana. Emakumeen aurkako errepresioari ere garrantzia handia ematen diogu, eta hor bai direla beharrezkoak testigantzak, asko eta asko ez zirelako inon dokumentatu.
"Ez da beharrezkoa testigantzak kamera aurrean ematea, batzuetan datu edo dokumentu batzuekin nahikoa izan daiteke"
Nola doa azterketa gaur-gaurkoz?
M. L.: Otsailean hasi ginen, eta hilabete gutxi igaro dira, baina artxiboetan arakatzeko hainbat eskaera egin ditugu, eta bagabiltza jo beharreko ateak jotzen, baina jendearen testigantzak ere behar ditugu hori osatzeko.
J. B.: Ez da beharrezkoa testigantzak kamera aurrean ematea, batzuetan datu edo dokumentu batzuekin nahikoa izan daiteke.
Urte askoan tabu moduko bat izan da errepresioaren inguruan, hori aldatu dela nabaritu duzue?
M. L.: Bai, hasi dira gauza asko aldatzen. Azken batean, gaur urruti geratzen den gauza bat da, hori bizi izan zuen jende asko joan egin baita. Frankismo berantiarraz ari garenean, aldiz, hor muga gehiago aurkitzen ditugu.
J. B.: 60. hamarkadatik aurrera eman zen errepresioa euskal gatazkarekin lotuta dago, beraz, oraindik asko kostatzen da horretaz hitz egitea. Hala ere orain da unea horretaz hitz egiteko, 60. hamarkadan errepresioa sufritu zuen norbaitek gaur egun 80 urte inguru izango dituelako. Alde batetik, gerra eta gerraosteko biktimak ditugu, jada ez daudenak, eta, bestetik, beranduagoko biktimak ditugu, baina askok errezelo hori badute oraindik.
Ikerketa bukatzen duzuenean nola egingo duzue publiko?
J. B.: Hitzarmenak azaltzen du datu hauek guztiak webgune batean jarri behar direla guztientzako eskuragarri egoteko. Hori oso tresna erabilgarria da, zuzenketak edo eguneraketak egin daitezkeelako edozein momentutan. Aurrerago ikusiko dugu, agian Udalak liburuxka bat ere argitaratu nahi dezakeelako. Gure planteamendua da bi urte eta erdi edo hiru urte hauetan ikerketa bukatzea, webgunean emaitzak islatzea eta ikusiko dugu zer gehiago egin dezakegun. Baina ezer baino lehenago, behar duguna da jendea animatzen jarraitzea.