Madalentxu ohiak

M. B. Intxaurtieta eta B. Ibargurengoitia: "Jendea asko pozten da aukeratua zu izan zarela ikusten dutenean"

Ander Zarraga 2024ko uzt. 19a, 14:22

Uztailaren 20an, Madalentxu izandako guztiak elkartuko dira beste behin.

Jai bakoitzak bere berezitasunak ditu; Plentzian, Antolintxu eta Madalentxu dituzte, eta protagonista bihurtzen dituzte herritar nabarmenenak.

Egondako lehen Madalentxu izan zen Begoña Ibargurengoitia. 2007. urtean izan zen hori, eta kontatzen duenez, ustekabean harrapatu zuten: "Aspalditik zegoen Antolintxu, eta bazen ordua emakumeok ere protagonismoa izateko festetan". Hasieran, ezetz esan ziela aitortzen du, "baina konbentzitu egin ninduten bikote ona izango nuela esanez, eta, azkenean, herriak oso ondo hartu zuen emakume bat ere izatea jaietako protagonista". Bere lehengusua izan zen urte horretako Antolintxu, eta azpimarratzen du garrantzitsua dela bikotekideagaz ondo eroatea, "jai guztiak elkarregaz pasatzen dituzulako".

Ibargurengoitia ezaguna zen herrian, osasun-langilea izateaz gain, hiribilduko lehen ikastolako presidentea ere izan zelako; gainera, duela hamar urte inguru, lehenengo Madalentxu txiki bere iloba ere izan zen. Bego Intxaurtieta Plentziako eskolako irakaslea izan zen 40 urtez, eta, herrian denek ezagutzen dutenez, 2015ean egokitu zitzaion Madalentxu izatea. "Oso esperientzia polita da, baina gogorra ere bai, egon behar zarelako alde batetik bestera eta jaietan egiten diren ekintza guztietan parte hartu behar duzulako; txarrena, egun guztia buruan zapia eraman behar izatea".

"Jendearen errekonozimenduak asko animatzen zaitu, eta jende nagusiak asko eskertzen du beraiengana hurbiltzea; gainera, jendea poztu egiten da zu zarela jakitean", gaineratu du Ibargurengoitiak. "Aspaldi, Francoren garaian, Juanita La recadista eta Sabino Arriaga itsasgizona izan ziren jaietako lehen pertsonaiak, herrian oso ezagunak baitziren", gogoratu du Intxaurtietak, eta, elkartea sortu aurretik, Bittor Laurodogoitiaren Udalak antolatzen zituela Antolintxuak.

Gaur egun, emakumeak zein gizonak berdin dira elkarteko kide, eta, uztailaren 20an, Madalentxu izandako guztiak elkartuko dira beste behin, Madalenako jaiak abiaraziko dituen txupina botatzeko; izan ere, Madalena Deuna da Plentziako patroia, eta jaiegun horietako protagonistak Madalentxuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun