Beste urte batez, Plentziako Eleiz plaza saxofoi, kontrabaxu eta ahots ederren doinuakaz beteko dute abuztuaren bigarren aste-akabuan; izan ere, hilaren 9an eta 10ean, blues, soul eta jazz doinuak izango dira 20:00etan hasiko diren Agorri Jazz jaialdiko kontzertuakaz.
Jaialdia irekitzeaz arduratuko dira Vulcanizadas taldeko neska bizkaitarrak beren lehen diskoko blues eta soul doinu kementsuakaz. Ostean, 22:00etan, Irati Bilbao abeslari bizkaitarraren txanda izango da. Jazz musikaren oinarri tradizionaletatik hasita, bere proiektu pertsonalak musika garaikideetaraino egingo du bidai.
Hurrengo egunean, zapatuan, ordu eta leku berean, soul musikaren protagonista izan diren emakumeen errepasoa egingo du Lidia Insausti abeslariak gidatzen duen hirukoteak. Egitarauagaz bukatzeko, kultura eta belaunaldi arteko proposamena ekarriko du Joshua Edelaman Quintet taldeak, entzuleak 70. hamarkadako New Yorkeko kaleetako jazz afrolatinora garraiatuko dituzten doinuakaz.