Elkarrizketak

Vulcanizadas: "Blues estiloan eroso gaude, baina ez dugu mugarik"

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 27a, 09:22

Vulcanizadas taldeko kideak. © Aritz Albaizar

Ameriketako blues eta soul doinuak Euskal Herriko agertokietara eroaten dituen boskotea da Vulcanizadas. Eskarmentu handiko musikariak dira emakumeok, eta barikuan, martxoaren 1ean, igoko dira Algortako Muxikebarri Antzokiko oholtzara euren lehenengo LPa eskuetan dutela, egun horretan aurkeztuko baitute lana. Indarrez eta maitasunez idatzitako 11 abestiz osatutako diskoa da eta, aitortzen dutenez, gogotsu daude egindakoa publikoagaz partekatzeko.

Nortzuk zarete Vulcanizadas, eta nondik zatozte?

Jone Ibarretxe (Itzubaltzeta/Romo), Elsa Garcia (Trapagaran), Virginia Fernandez (Leioa), Izaskun Simon (Galdakao) eta Nerea Arrieta (Bilbo) gara. Guztiak ibili gara urte askoan musika egiten, Cecilia Payne, Free the Wheel edo Last Fair Deal bezalako bandetan.

Musikari dagokionez, zeintzuk influentzia izan dituzue?

Leku ezberdinetatik gatoz: rock, blues, soul, jazz… Kide bakoitzak bere influentziak ditu eta askotariko musika entzuten dugu. Bandari dagokionez, esan dezakegu soul, blues eta R&B bandak ditugula erreferente: Aretha Franklin, Vulfpeck, Brittany Howard, Carole King, Nina Simone… Baina baita Eta The Beatles ere. Beti The Beatles, kar kar.

Zelan ikusten duzue gure inguruko musika-eszena? Aukerak daude oholtzara igotzeko?

Bai, areto, udal eta herri ekimenekin badaude jotzeko aukerak, baina horietan ere baldintza minimo batzuk bermatzea zaila izaten da. Bandentzat oso lagungarri da hemen kultura zaintzen eta musika maite duten hainbat gaztetxe, elkarte eta pertsona egotea gauzak egiten. Horregatik egon dira beti horrenbeste banda Euskal Herrian.

Kartelak ikusita, emakumeak oraindino ere ez dira gehiengo. Bidean arazorik izan duzue emakume izatearren?

Bai, emakume guztiok izan ditugu arazoak emakume izatearren gure bizitzako esparru ezberdinetan, eta musika ez da salbuespen bat. Karteletako desorekak agerian uzten du arazoak badaudela. Guk nahi duguna da abestiak egiten jarraitzea, eta espero dugu gizarteak aurrera egitea eta denon artean lortzea harridurarik ez egotea artea egiten duten emakumeak ikustean. Harridura honek ez du ezer onik erakusten. 

Martxoaren 1ean aurkeztuko duzue zuen lehenengo LP-a. Zelakoa izan da hori ekoizteko lana?

2023ko udazkenean grabatu genuen Bilboko El Tigre estudioetan, Xabier Eguiarekin. Estanis Elorzak masterizatu du eta Naiara Goikoetxeak diseinu ederra egin du. Maitasun osoz idatzi eta moldatutako 11 abesti grabatu ditugu: prozesu oso polita izan da eta gogotsu gaude jendearekin partekatzeko. Bideoklipa ere grabatu dugu Indarberritzen abestiarekin.

Inguruotan rocka nagusi dela dirudi, eta zuek blues eta soularen munduan zabiltzate, ezta?

Guri gehien gustatzen zaigun rocka bluesetik datorrena da. Inguruan rock asko izateak pozten gaitu. Gainera, gero eta estilo ezberdinetako banda gehiago daude, eta hori izugarria da. Publiko bezala gero eta musika anitzagoa entzuten dugu guztiok, eta hori aberasgarriagoa eta dibertigarriagoa da. Gu, musikari moduan, erosoago gaude blues eta soul estiloetan, baina ez dugu gure burua mugatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun