Elkarrizketak

Kosme Aranburu: "Hemen maila altuko apneistak ditugu, baina ez dugu haien potentzial guztia ustiatzeko baliabiderik"

Ander Zarraga 2024ko abu. 30a, 10:14

Kosme Aranburu entrenamendu batean, apnea egiten ari den igerilari bati laguntza ematen. © EIDER GUTIERREZ

Apnea igeriketa ez da oso kirol ezaguna gurean, baina Kosme Aranburu plentziarrak hori aldatzeko helburu irmoa dauka. Dioenez, bertako kirolariek potentzial handia daukate, eta horren erakusgarri izan zen maiatzean berak gidatutako Euskadiko selekzioak Espainiako Txapelketan lortutako bigarren postu txalogarria.

Aranburuk 2019an hasi zuen Euskadiko apnea federakundea sortzeko ibilbidea. Aurretik, lehiaketetan eta entrenatzen aritu zen, baina gogoratu duenez, Espainiako txapelketara joatekotan egon zenean, ikusi zuen ez zegoela egiturarik, ez zela federakunderik existitzen, eta, beraz, ez zeukala joateko modurik. “Une horretan erabaki nuen lehiatzeari utziko niola antolatzeko ardura hartzeko”.

Hala, beste kirolari eta Espainiako federakundearen laguntzagaz, Euskal Herriko Urpeko Jardueren Federakundeko apneako kidetza sortzeari ekin zioten. Aurretik Euskal Herrian ezer gutxi zegoenez, zerotik hasi ziren, epaileak eta segurtasunerako pertsonak prestatzen edo beharrezko materiala lortzen. 

"Hori guztia ezerezetik sortu genuen, eta, horregatik, oso harro nago egindako lanagaz eta lortutako emaitzagaz", nabarmendu du plentziarrak. Izan ere, ahalegin horri esker sortutako Euskal selekzioko taldeak bigarren postua lortu zuen maiatzean Sabadellen (Katalunia) egin zen Espainiako Apnea Indoor FEDAS 2024 Txapelketan. "Emaitza historikoei erreparatuz, Kataluniako selekzioa onenetarikoa da eta txapelketa osoan beraien atzetik egon ginen; hori itzela da", azpimarratu du. Txapelketa horretan Kataluniaren atzetik eta Valentziakoaren aurretik geratu ziren.


Euskal Selekzioko apnea igerilariak maiatzean Sabadellen egin zen indoor txapelketako bigarren postua ospatzen. © EIDER GUTIERREZ

Txapelketa bi bloke nagusitan banatzen da: estatikoa, non igerilaria geldi mantentzen da arnasari eusten, eta dinamikoa; azken horretan, igerilariak mono-hegats bategaz bi hegatsegaz edo hegats barik aritzen dira. Besteak beste, maiatzeko lehiaketan Euskadiko selekzioko sei igerilariek lehen postu bat, bi bigarren postu eta hirugarren hiru lortu zituzten kategoria ezberdinetan.

Kirol segurua

Aranbururen xedea da apnea kirol bezala hedatzea eta ezaguna egitea, horrela babes gehiago lortuko baitituzte: "Euskal Herrian duela gutxi sortu den kirol minoritarioa da apnea igeriketa; hala ere, ikusarazi nahi dugu maila oso altua dagoela eta, batez ere, erakundeak inplikatu gura ditugu, batetik diru-kontuengatik, eta, bestetik, entrenatzeko igerilekuek traba asko jartzen dizkigutelako, Bizkaian behintzat".

Azaldu duenez, aurreiritzi asko daude apnearen inguruan: "Jendeak uste du limitera jartzen garela eta istripu asko daudela, baina hori praxi txarra egiten denean bakarrik gertatzen da. Txapelketetan normala da igerilari batzuek konortea galtzea, eta jendea ikaratu egiten da, baina gu federatuta gaude, badakigu nola jardun kasu horietan eta ez da inolako arriskurik egoten. Ondo eginez gero, kirol segurua da erabat".

Urtero Euskoapnea txapelketa antolatzen du federakundeak, eta horretan ere aritzen da Aranburu buru-belarri; orain arte, Getxon egin izan da, baina azken hitzordua Eibarren egin zuten. Dioenez, Euskadiko txapelketa bezalakoa da, ez baitago lehiaketa ofizialik, "baina bertatik ateratzen dira gero Espainiako txapelketara joango diren igerilariak". Kontatu duenez, gurean, maila izugarria da, "lehen urpeko arrantzatik etortzen ziren asko, baina gero eta gehiago datoz igeriketa klubetatik, eta oso maila eta prestakuntza altuagaz datoz".

Tamalez, deitoratu du harrobi indartsua eta maila handiko igerilariak dituzten arren, oraindik ez dutela baliabide nahikorik apnea txapelketa eta talde gehiago antolatzeko. Adibidez, apnea itsasoan ere egiten da, "baina horrek baliabide eta egitura handia exijitzen du, guk ez daukaguna, beraz, ezin gara Mediterraneoan edo Kanarietan dauden taldeen aurka aritu", azaldu du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun