Plentziako Isuskiza urbanizazioan bide-segurtasuna hobetzeko lanak hasi dituzte daborduko, eta eremu horretarako sarbidea urriaren 31ra arte itxita egotea aurreikusi du Udalak. Itsasadar ondotik doan tarteko errepidea da itxi dutena, Plentziako hirigunetik gertuen dagoena, hain zuzen ere. Neurri hori beharrezkotzat jo dute horma eusteko lanak egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak inguru horretako segurtasuna indartzeko bultzatutako proiektu zabalago baten zati baita.
Harresiaz gain, urbanizaziora sartzeko kaleak erabat asfaltatzea ere aurreikusi dute proiektuan. Toki administrazioaren arabera, obrak "partxerik eta zigilurik" gabe egingo dira, erabiltzaile guztientzako konponketa iraunkor eta segurua bermatuz.
Esku-hartze hori Isuskizako bizilagunei arrazoia eman zien epai judizial batetik dator, epaitegietatik Udalari eskatu baitiote sarbide nagusietako bat konpontzeko. Auto judizialak egutegi argia ezartzen du: hiru hilabete proiektuaren idazketa lizitatzeko, sei hilabete obrak esleitzeko eta urtebete osorik gauzatzeko. Epe horiek betetzen ez badira, arduradunek hertsatzeko isunak jasoko dituztela zehaztu dute auzokideek publiko egindako komunikatuan.
Isuskizara sartzeko errepidea, lehen erabilera pribatua zena, jabetza publiko deklaratu zen 2020an. Erabaki hori Udalak agindutako ikerketa baten ondoren hartu zen, eta bidea tokiko ondasunen inbentarioan sartu behar zela ondorioztatu zen. Ebazpen horreagz, udal-gobernuari dagokio zuzenean errepidea mantentzeko eta kontserbatzeko ardura, eta, orain, eskatutako hobekuntzak bete beharko ditu.
2016ko gatazka
Isuskiza urbanizaziora sartzeko arazoak ez dira berriak. 2016an, orduko EH Bilduko David Crestelo alkateak bidea ixteko agindua eman zuen "segurtasun arrazoiengatik", txosten teknikoetan eta polizialetan oinarrituta. Erabaki horrek bizilagunen protestak eragin zituen, baina ez ziren ebatzi 2020an auzitara jo zuten arte. Azkenik, 2023an, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Erakundeak erabaki zuen Udalak inguru horretan bide-segurtasuna bermatzeko beharrezko konponketak egin behar zituela.