Plentziako Udalak alde zaharreko segurtasuna eta iraunkortasuna indartuko dituen trafiko plan berria landuko du

Ander Zarraga 2024ko aza. 5a, 15:15

Udalak alde zaharreko trafikoa berrantolatzeko prozesuagaz jarraituko duela iragarri du. © TURISMO PLENTZIA

Auzotarren parte-hartze prozesuak babesik gabe utzi du Udalaren hasierako proposamenena, eta ez dute alde zaharreko kalerik oinezkoentzako bihurtuko. Hala ere, Udalak zirkulazioa murrizteko eta hirigune historikoan segurtasuna indartzeko plan berri bat egingo duela agindu du.

Plentziako Udalak amaitutzat eman du Eleiz enparantzaren inguruan trafikoa berrantolatzeko herritarrakaz egindako prozesua, eta hiribilduko alde zaharra oinezkoentzat jartzeko hasierako proposamen biak ez ezartzea erabaki du. Hala ere, Kale Barriko sarbidea itxi egingo dutela iragarri du Udalak. Neurri horren helburua da eraikinetako baten aurka talkarik ez egitea eta bizilagunek bide-segurtasunari buruz dituzten kezkei erantzutea.

Hasiera batean, Udalak proposatu zuen Portaleta kaleko trafikoa murriztea, zirkulazioa ibilbide alternatiboetara bideratuz eta egoiliarrentzako eta saltokientzako aparkaleku esklusibo bat sortzea. Proposamen horren helburua zirkulazioa txikiagotzea zen, eta Eleiz enparantza aparkaleku bezala ez erabiltzea. Gainera, egitasmoak Santiagoko arkua bezalako ondare arkitektonikoa babesteko ekintzak ere jaso zituzten, eta puntu kritikoetan arriskuak minimizatzea ere zuen helburu, hala nola Kale Barriaren eraikineko balkoian, duela gutxi inpaktua jasan baitzuen.

Alde zaharrean trafikoa murriztea

"Parte-hartze prozesuari esker, komunitateari entzun ahal izan diogu, eta haren beharrak eta kezkak jaso ahal izan ditugu. Hasierako proposamenek ez dute behar besteko babesik izan eta, horregatik, ez dira gauzatuko ", adierazi dute udal-iturriek. Hala ere, Udalak iragarri du alde zaharraren segurtasunean eta zaintzan oinarrituko den hautabide baten alde lan egingo duela, herritarren parte-hartzea handitzeaz gain, inguruko kaleetako bizilagunak ere prozesuan sartzeko.

Auzokoek eta administrazioak lehentasuntzat jo dute zirkulazioa jaistea eta erdigunean oinezkoentzako gune seguruak sortzea. Ildo horretan, Udalak ibilgailuentzako sarbidea bideratu gura die egoiliarrei eta zama-zerbitzuei, irisgarritasuna optimizatuz, ondare historikoaren babesa arriskuan jarri gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun