Plentziako Udala aparkatzeko ordenantza "hobetzeko" prest dago, udalerriaren errealitatetik abiatuta

Ander Zarraga 2024ko aza. 13a, 12:25

Plentziako aparkalekua arautzen duen ordenantza uztailetik irailera bitartean indarrean egoteko pentsatuta dago.

Arartekoak uda honetan martxan jarritako aparkalekuaren ordenantza berrikusteko eskatu dio Plentziako Udalari, udatiar talde batek herriaren defendatzailearen aurrean neurriak eragiten duen tratu desberdina salatu ostean. Horren aurrean, Aitor Garagarza alkateak adierazi du prest dagoela sisteman hobekuntzak sartzeko, herritarren eta udal langileen balorazioak jaso ondoren, baina nabarmendu du neurriak udalerriaren errealitateari erantzuten diola eta "gelditzeko" iritsi dela.

Plentziako oporretako egoiliar batzuek Ararteko adierazi diote ez zeudela ados uztailean indarrean sartu zen aparkatzeko udal-ordenantzaren alderdi batzuekaz. Beraien iritziz, araudiak tratu-desberdina ematen die Plentzian ibilgailua erregistratuta duten eta bertan erroldatuta daudenei eta udalerri horretan bigarren etxebizitza duten eta erroldatu gabe daudenei.

Uztailaren 1etik irailaren 8ra indarrean egon den araudiak udalerriaren erdigunean ia aparkatzeko aukerarik gabe utzi diela salatu du talde horrek, aparkalekuak bertakoentzat bakarrik gordetzen direlako. Horren eraginez, Euskal Autonomia Erkidegoko defendatzaileak gomendatu dio Udalari bere aparkatze-araudia ebaluatzea, desberdintasun hori murrizteko, eta oreka bat bilatzea, egoiliar guztiek aparkatzeko aukera izan dezaten.

"Neurria geratzeko etorri da"

Horri erantzunez, Aitor Garagarza Plentziako alkateak adierazi du Arartekoak "udalerriaren errealitateari erreparatu gabe eta testuingurutik kanpo" egin duela gomendioa. Bere esanetan, Arartekoak ez ditu kontuan hartu hiriaren eta auzoen osaera, aparkatzeko benetako plazak, erroldatutako auto-kopurua, garraio publikoa, sektore ekonomiko nagusia eta abar. Zentzu horretan, sistemaren helburu nagusia udako hilabeteetan aparkatzeko arazoak arintzea izan da, "plentziarren arazoei erantzuna emateko"

Horregaz batera, Garagarza prest azaldu du neurria hobetzeko, "plentziarrei eta bertan lan egiten duten beharrei erantzuteko", eta, horretarako, hobekuntzak txertatzeko prest azaldu da, "herritarrekin eta udal-langileekin egindako balorazioak jaso ondoren, baina inoiz ere ez testuingurutik kanpoko baloraziorik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun