Nola hasi zenuten taldea?
2019ko udan batu ginen, musika jotzen ez genekienean, baina lagunak ginen aspalditik.
Nola definituko zenukete zuen musika?
Erreferentzia asko ditugu eta zeharo aldatu dira gure gustuak, baina etiketa bat jartzearren, noise-rock modukoa dela esango genuke.
Alfred Hitchcock gustuko duzue, ala beste nonbaitetik dator taldearen izena?
Egia esan, Rufus T Firefly izeneko taldearen Cisne Negro kantatik atera genuen izena, Hitchcocken filma ikusi aurretik. Hala ere, ikustean, asko gustatu zitzaigun.
Zein gai jorratzen dituzue zuen abestietan?
Kantek gai unibertsalak dituzte; era pertsonalean amorrua, melankolia eta maitasuna lantzen dute. Hala ere, EPan beste gai berri batzuk ere sartu ditugu, hala nola Catalina 6en etxebizitza eta espekulazioari buruz hitz egiten dogu.
Laster kaleratuko duzue EP berria, nolakoa izan da hori sortzeko prozesua?
Lan eta buruhauste askoren ostean, EPa otsailaren 27an aterako da bai. Sortzeko prozesua oso luzea izan da: abesti batzuk duela urte pare bat atera ziren eta gutxika-gutxika aldatuz joan dira; beste batzuk Manuk eta Daraghek sortu eta gero danon artean lokalean landu doguz; beste bat Julenek ekarri dozkun eta beste bat kolaborazio berezi bat izan da, Akëer taldeagaz.
Eboluziorik izan da zuen musikan?
Bai, nabaria da lehenengo abestien eta hauen arteko ezberdintasuna. Hasieran, konposatzen ikasten ari ginen, hauek aldiz abesti helduagoak dira, lan gehiago daukate atzean, estruktura berriekin, soinuekin eta letra landuagoekin jolastuz.
Atico Stereo zigiluagaz grabatu duzue diskoa, nolakoa izan da esperientzia?
Atico Stereoko Christianek lagundu digu El Submarino estudioarekin harremanetan jartzen. Iñigo Escauriazak grabatu eta ekoiztu du eta gero zigiluarekin kaleratu dogu lana. Gainera, Lukieken parte izanik, Christianek oso kontzertu bereziak lortu dizkigu haiekin, Donostian eta Gasteizen.
Zuen lan berri honetarako beste talde batzuetako artistakaz batu zarete orduan.
Beti inguratu gara artista ezberdinez, denon artean plataforma bat osatzeko eta denon artean hazteko asmoagaz.
Etorkizunerako ametsik edo asmorik?
Oso kontzertu bereziak dekoguz hortzemugan, momentuz, horiteaz gozatu eta astiro-astiro konposatzen jarraitu nahi dogu, presiorik gabe.
Zeintzuk izango dira zuen hurrengo kontzertua?
Bilborocken modu ofizialean aurkeztuko dogu EPa Otsailaren 28an. Horren ostean, honako data hauek dekoguz momentuz: martxoaren 29an, Larrabasterrako Auzoetxean, Adur eta Marmitako Trap Bandagaz; apiralaren 30ean, Dabadaban, Lukiekegaz eta maiatzaren 10ean, Jimmyjazzen, Lukiekegaz.