40. urteurrena

Plentziako zezensuzkoen entzierroa: "Entzierroa herriko jaietako ikurretako bat da"

Ander Zarraga 2025ko abu. 19a, 08:42

Ezkerretik eskuinera: Imanol Atxa, Felipe Garagarza, Alfon Garcia Laraudogoitia, Iñaki Zarate eta, belauniko, Patxi Vitores. Miguel Beitia, korrikalarietako beste bat, ez da argazkian azaltzen. ALFON GARCIA

Plentziako zezensuzkoen entzierroak 40 urte beteko ditu aurten. Honela sortu zuten San Antolin jaiei amaiera ematen dien ikuskizun berezia.

Zezenaren irudia duen oskol moduko egituraren azpian dagoena prestatzen hasi da. Jendea inguruan dago, ikusmina handia da, eta urduritasuna zein emozioa agerikoak dira. Bat-batean, zezenaren gaineko suziriak piztu egin dira: txinpartek, bolbora usainak, keak eta oihuak dira nagusi kaleetan...

Hainbat festetan errepikatzen den irudi hori oso ohikoa da, tradizionala ia, baina zer gertatzen da lau zezen batzen direnean zezensuzkoen entzierro bat egiteko? Hori bera pentsatu zuen duela 40 urte, 1955ean, hain zuzen ere, Plentziako lagun talde batek, hiribilduko San Antolin jaietan zezensuzko entzierroa egiten hasi zirenean. Hasieran, lau zezenakaz hasi ziren ateratzen, eta gero eta gehiago joan dira batzen; berbarakoz, iaz, zazpi izan ziren Erribera kaletik atera zirenak jendearen atzetik korrika.

Idoia Bilbao, Plentziako jai-batzordeko kidea: "Pirotecnia Zaragozana enpresakoak beti daude Plentziako zezensuzkoentzako suzirien eskariaren zain; beraientzat ere zerbait berezia dela esaten digute beti"

40 urte. Esan bezala, aurten lau hamarkada beteko dira lagun-talde batek lehen aldiz zezensuzkoak antolatzea erabaki zuenetik. "Ideia bururatu zitzaigunean, Pedro Mari Zarate kuadrillako laguna jaietako zinegotzia zen, eta nonbaiten irakurri genuen Donostian eta beste jaietan horrelako entzierroak egiten zituztela, eta Plentzian daukagun itsasadarrarekin, nola ez ditugu bada guk ere horrelakoak egingo!", azaldu du lehen zezensuzko horiek sortu zituen lagun-taldeko Felipe Garagarzak. Beragaz batera, Imanol Atxa, Alfon Garcia, Iñaki Zarate, Patxi Vitores eta Miguel Beitia izan ziren lehen entzierro hura egin zutenak.

Orduan, Plentzian zezen bakarra zegoen, beraz, inguruko udalerrietan beste hiru eskatu eta horiekaz hasi ziren. Urte batzuk geroago, Txitxirripatxarra izena izango zuen kuadrillako kideek harrotasunez gordetzen dute oroitzapen hori, eta daborduko belaunaldi berriek hartu dute lekukoa. "Nik 60 urte izan arte ateratzen nituen zezensuzkoak, eta erreleboa hartu digutenei guk ederto tratatzen diegu: egin eta gero, txokoan afaltzera ere gonbidatzen ditugu, kar-kar!"

Ohitura horrek daborduko 40 urte dituen arren, eta zezensuzkoa jaietako gau guztietan ateratzen bada ere, sanantolinetako amaiera adierazten duen entzierroko zirrara, ikusmina eta beldurra zein poza bateratzen dituen sentsazioak bereziak dira, bai plentziarrentzat, bai inguruko herrietatik doazen bisitarientzat ere.

"Harrotasunez betetzen nauen gauza bat da; ikustea maite dudan zerbait da, izugarria baita gazteek-eta zein ondo pasatzen duten ikustea; instituzionalizatu egin beharko litzatekeen zerbait dela uste dut. Bizkaian ez dut uste beste inon horrelako entzierrorik egiten denik", azaldu du Felipek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun