Nerea Ibarguengoitia eta Josune Rotaetxe: "Plentzia Telebistaren izateko arrazoia herria saretzea zen"

Ander Zarraga 2025ko ira. 16a, 09:55

PTBko kide ohi batzuk udan egindako ekitaldian. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako tokiko telebistari agurra emateko ekitaldi berezia egin zuten joan den uztailaren 18an. Orain, urteotako edukiak Interneten jarriko dituzte eskuragarri.

Telebista-katea daborduko itxita bazegoen ere, uztailean, ekitaldi xume baina hunkigarri bategaz agur esan zioten behin betiko PTB Plentziako tokiko telebista-kateari. Komunikabidea desagertu den arren, Plentziako Udalak eta Plasentia de Butron museoak iragarri dute edukiak digitalizatzeko eta Interneten partekatzeko helburua dutela, izan ere, 1987an telebista-katea sortu zutenetik, herriko hainbat pasarte eta pertsona geratu dira gordeta.

"Herriko jendearen istorioak eta eurek bizitakoa ezagutzea eta horren berri ematea izan da niretzat politena", Nerea Ibarguengoitia, PTBko kide ohia.

PTBren historiari buruz berba egitea Juanant Aranbururi buruz aritzea da ezinbestean. Hark Telebista sortu zuen garaian aritu zen Josune Rotaetxe, eta gogoratu duenez, Aranburuk hainbat herritar batu zituen proiektua martxan jartzeko. "Garai horretan bazegoen tokiko telebistak sortzeko mugimendua, baina ez inondik inora Plentzia bezalako herri txikietan; hala ere, guretzat harrotzeko moduko gauza zen, eta, baliabide gutxi izan arren, pozik egiten genuen".

Lehen urteetan zaletasunari eta bakoitzaren ekarpenari esker izan zuten arrakasta. "Seme-alabak eta gure lana genuen, eta ez genuen ezer kobratzen, baina denok batera joaten ginen gauzak grabatzera eta gero etxean editatzen genituen; ideia asko ere bagenituen, baina aurrera ateratzeko denbora eta dirurik ez", gogoratzen du Rotaetxek.

Telebista profesionalizatzen joan zen eta belaunaldiak aldatzen joan ziren. Batzuen eta besteen arteko lokailua Jose Angel Peñari esker eman zela nabarmendu du Nerea Ibarguengoitiak; "PTBk hainbeste urte iraun baditu berari esker izan da", adierazi du.

"Agur esateko modu dotorea iruditzen zait, jarraitzeak ez baitzuen zentzurik. Orain, dena egongo da Interneten", Josune Rotaetxe, PTBko kide ohia.

Ibarguengoitia kazetari aritu zen PTBn eta, azpimarratzen duenez, "PTBren izateko arrazoia herria saretzea zen, jaiak, partiduak eta elkarteen jarduerak grabatzea, baina baita udaletxean hartzen ziren erabakien berri ematea ere; horrek guztiak elkartutako herri bat sortzen baitzuen". Era berean, kazetariak azpimarratzen du telebista herritarren ahaleginari esker ere egiten zutela, baliabide falta zegoen arren, gauzak egiteko gogoa bazegoelako: "Bakoitzak bere aletxoa jartzen zuen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun