"Buscalavida eta Milikua": Plentziako futbolaren eta herriaren memoria biziberrituko duen dokumentala

Ander Zarraga 2025ko urr. 8a, 16:11

Joseba Gorordo eta Idoia Errexil zuzendariek ekoitzi duten dokumentalak hiribilduan XX. mendean bizitza nolakoa zen ere azaltzen du. © SD PLENTZIA

Plentziak bere oroimena eta identitatea kantuz gogoratuko ditu Buscalavida eta Milikua dokumentalaren bidez. SD Plentzia futbol-taldearen 100. urteurrena (1925-2025) ospatzeko sortutako proiektu berezi honek XX. mendearen hasierako Plentziaren bizimodua erakutsiko du, herriko futbolaren garapena ardatz hartuta.

Joseba Gorodok eta Idoia Errexilek ekoiztutako dokumentalaren abiapuntua Plentziako herri-kanta zahar bat izango da, ahoz aho transmititu zena eta Buscalavida eta Milikua jokalari ospetsuen izenak goraipatzen dituena. Abestia orain euskarara ekarri dute, herriaren hizkuntza eta memoria berreskuratzeko keinu gisa. Kanta honek garai bateko kirolarien balentriez gain, euskararen zapalkuntza eta herriaren biziraupenaren sinboloa ere bada.

50 minutuko ikus-entzunezko lan honetan, musika, historia eta emozioa uztartzen dira, Plentziako futbolaren hastapenetatik gaur egungo komunitatearen harrotasuneraino. Emanaldia urriaren 12an egingo dute domekan, 18:00etan Goñi Portalen.

Beteranoen futbol-txapelketa

Era berean, klubaren mendeurrenaren ospakizunak direla eta, urriaren 12an, hirukoa jokatuko dute Atheltic Club, Real Sociedad eta SD plentzia futbol taldeetako beteranoek. Txapelketa 11:00etatik aurrera jokatuko dute Errotabarri futbol zelaian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun