Sindikatuek atzo Palestinaren alde deitutako grebagaz batera, Gernika-Palestina herri-ekimenak heltze-jotzeak ere antolatu zituen 19:30ean, Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan. Plentzian ere 100 herritar inguru bildu ziren udaletxearen atarian, familiak eta adineko pertsonak barne.
Herritar batzuek jakinarazi dutenez, kontzentrazioa amaitzean, kalez jantzitako agente bi hurbildu zitzaizkien eta gazteetako bati identifikatzeko eskatu zioten, esanez bera pankartan zegoela eta 20 pertsona baino gehiago zeudela bilduta baimenik gabe. Salatzaileek zehaztu dutenez, ertzainek isuna jartzeko asmoagaz identifikatu zuten gaztea.
Gero, komisaldegira joan ziren poliziari azaltzera baimena nazionala zela, baina deitoratu dutenez, poliziek ez zuten ezer egin hori horrela zela egiaztatzeko. Gogoratu dute giroa gaiztotu egin zela une horretan, polizia-etxera joan zirenak ere identifikatu zituztelako, "bestela, ez zieten irteten utziko".
Herritarrek azaldu dutenez, gaur berriro joan dira poliziarengana, isuna kentzea eskatzera, baimena bazutela argudiatuta. Bien bitartean, HIRUKA Ertzaintzako iturriakaz jarri da harremanetan eta pertsona bat identifikatu zutela baieztatu dute, baina ez dute gainontzeko gertakarien berririk eman.